Donostia eta Miarritze elkarlanean arituko dira euskal diasporaren jaialdia ospatzeko

0

Donostiako eta Miarritzeko udalek elkarrekin lan egingo dute euskal diasporaren jaialdi bat egiteko, bi udalerrien arteko lankidetzaren esparruan. Hala baieztatu dute bi hirietako alkateek gaur goizean Gipuzkoako hiriburuan egin duten lan bileraren ostean.

Eneko Goia Donostiako alkateak nabarmendu duenez, lankidetza hitzarmen horri esker, “lan ildo bat dugu abian, partekatzen ditugun hainbat gairen gainean oinarrituta”. Goiak gaineratu du bion arteko harremana apartekoa dela, erabateko konfiantza eta lankidetzarekin, eta proiektu zehatzetan aurrera egiten ari direla.

Goiak eta Maider Arosteguy Miarritzeko alkateak gaur egindako bileran, bi hiriek duten akordioari esker bultzatzen ari diren proiektuak jorratu dituzte. Horien artean nabarmendu da euskal diasporako talentuak erakarriko dituen jaialdi honetan lan egiteko konpromisoa, kanpoan dagoen euskal kolektibitateari bere arbasoen lurra bisitatzeko aukera eskainiko diena.

Bi udalerrien arteko lankidetzari esker, beste proiektu batzuk ere gauzatu dira bi hirietako herritarren arteko harremana bultzatzeko, hala nola Donostia-Miarritze konexio zuzeneko autobusa martxan jartzea edo Cook & Fashion gastronomia jaialdia, besteak beste.