Urduñako ‘Duintasunaren kolunbarioa’k, hasiera batean, eremuan Gerra Zibilean izan ziren presoen esparruko 14 gorpuak hartuko ditu

0
  • Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Itziar Biguri alkateak Gogorak sustatutako bigarren kolunbarioaren obrak bisitatu dituzte

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua eta Itziar Biguri alkatea buru izan dira Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak sustatutako bigarren kolunbarioa izango denaren obretara eginiko erakunde-bisitan. Kolunbarioa Urduñan egongo da, eta, hasiera batean, eremuan Gerra Zibilean izan ziren presoen esparruko 14 gorpuak hartuko ditu; gorpu horiek Urduñako hilerrian bertan atera zituen lurpetik, 2014. urtean, Aranzadiko talde batek. Ekitaldian izan da, halaber, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendari Aintzane Ezenarro.

“Hasiera batean, Kolunbarioak 14 biktimaren gorpuzkiak hartuko ditu, Urduñako espetxearen esparruan hildakoak. Espetxe-politika basati baten biktima izan ziren. Gerra galdu zuten pertsonentzat diseinatutako espetxe-politikaren biktima izan ziren”, Artolazabalek adierazi duenez.

Gainera, kolunbarioa, Elgoibarko kolunbarioan bezala, etorkizuneko desobiratzeetan aurkitzen diren eta identifikatu ezin diren gorpuzkiak hartzeko prestatuta egongo da; gorpuzkiak identifikatuta ere, familiak kolunbarioan lurperatzea aukeratu ahalko du. 2017ko urtarrilean, Elgoibarren, espazio bat inauguratu zen, identifikatu ezin izan diren Gerra Zibileko eta Frankismoko biktimen duintasunaren oroimenez. Elgoibarkoa Olaso hilerriaren ondoan dago, eta 44 hobitatik ateratako 57 pertsonaren gorpuzkiak daude. Hala, Urduñako kolunbarioaren bidez, Gogorak sustatzen duen memoria historikoaren lanari jarraipena eman nahi zaio.

Bizkaiko lehen kolunbarioa errealitate bilakatuko da datozen asteotan. Obrak abian jarri ditu, dagoeneko, Urduñako Udalak; horretarako, 80.000 euroko finantzaketa dago, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren aldetik. Obra eta Zerbitzuen udal-arloak lanak apirilean amaitzea aurreikusten du.

Duintasunaren eremua

Urduñako ‘Duintasunaren kolunbarioa’k bere kokapena du abiapuntu. Urduñako hilerriaren alboan egongo da, eta, haren bidez, ibilbide bat sortu nahi da eta, bide horretan, kolunbarioak hartuko dituzten pabiloi batzuk egotea.

Ibilbideak Urduñako enklabearen hiru ikuspegi aurkeztuko ditu. Hiru pabiloi horietako bakoitza Urduñako begi-lerro berezi bat eskaintzen duen leku batean egongo da. Haietako batean, begirada Aintzinako Andre Mari ikastetxera zuzenduko da (Josefinoenak eta, aurretik, Jesulagunenak); eraikin hori espetxe gisa erabili zen, Gerra Zibilaren zati batean. Begi-lerroetako beste bat Txarlazo mendiarena eta Urduñako Ama Birjinarena izango da. Hirugarren begi-lerroa Urduñako mendatera zuzenduko da, eta mendi-hegal malkartsuak ere ikusiko dira.

Gabioien bidez eraikitako horma batek (harrizko kaiolak) hiru pabiloietatik igarotzeko bidea zuzenduko du. Lubaki antzeko bat sortu nahi da, harriz babestuta, gerran hildakoen omenez. Sartu aurretik, Duintasuna izeneko eskultura bat egongo da, Iñigo Arregi eskultorearena, eta bisitariak hura ikusiko du eta, haren bidez, bertan dauden pertsonei egingo zaie omenaldia. Begiesteko, atseden hartzeko eta errespetatzeko eremua izango da, ibilbidearen izaera dinamikoarekin kontrastean.

Gainera, kolunbariora erraz sartu ahalko dira oinezkoak, Urduñako erdigunetik, Gasteizera doan errepidearen paralelo doan bide bati esker.