Juan Mari Aburto Bilboko alkateak Matematika Aplikatuaren Euskal Zentroa – BCAM bisitatu du

0

Juan Mari Aburto, Bilboko alkateak, Matematika Aplikatuaren Euskal Zentroa (BCAM)
bisitatu du gaur goizean Bilboko Udalaren taldearekin batera, zentroaren jarduera bertatik
bertara ezagutzeko, sinergiak aztertzeko eta bi eragileen arteko lankidetza sustatzeko.
Ekitaldiaren hasieran, Bilboko alkatetzak eta BCAMeko parte-hartzaileak aurkeztu zituzten,
eta, geroago, BCAM Matematika Aplikatuko Zentroa eta BCAMen Ezagutzaren
Transferentziarako Unitatea (KTU) aurkeztu zituzten. Ondoren, lankidetza estrategikoak
sustatuko dituzten baterako lan-ildoak zehazteko elkarrizketa-gune bat ireki da.
Bilboko Udalak eta BCAMek lankidetza-ibilbide luzea dute hainbat arlotan, hala nola
dibulgazioan eta Europako eremuko ikerketa-proiektuen baterako proposamenean.
BCAM BilbaoTIKekin lankidetzan aritu da BCAMeko Ezagutzaren Transferentiza Unitatetik
(KTU), Bilboko tranbiaren erabiltzaileak profilatzeko datuen analisian. Gaur egun, BCAMek
Bilbao Zero 2 Think Tank proiektuan parte hartzen du, Innolab Bilbaok koordinatutako
hiribilduaren erronka berriei aurre egiteko berrikuntza-programan.
Etorkizuneko lankidetza-arloei dagokienez, ikerketa-guneak sortzeko ekimenak aztertu dira,
hala nola TRANSMATH, Matematika Aplikatuko Mugaz Gaindiko Laborategia, UPV/EHU eta
BCAM buru dituena, Bordeleko Unibertsitatearekin batera. Laborategiaren helburua, Euskal
Herriko eta Akitania Berriko taldeen arteko lankidetzari egonkortasun-esparru bat ematea
da. Era berean, BCAMek hiriko proiektuetan egin dezakeen ekarpena aztertu da:
Zorrotzaurre: ezagutzaren uhartea, Bilbao Unibertsitate Hiria, Nagusi Intelligence Center edo
B Accelerator Tower. Hiribilduaren lehentasunen eta BCAMen gaitasunen arteko lerrokatze
argiak espezializazio handiko eragiletzat jotzen dute Matematika Aplikatuaren Euskal
Zentroa – BCAM, eta Bilboko Udalari lagun diezaioke erronka berrien aurrean hiria eraikitzen.
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak adierazi duenez, «Harro egoteko modukoa da Bilbon
BCAM bezalako zentro bat izatea, ezagutzaren erreferentziazko zentroa zarete, eta
ezagutza sustatu nahi da Bilbon».
Ekitaldian izan dira Xabier Ochandiano Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapeneko,
Merkataritzako eta Enpleguko Saileko zinegotzi ordezkaria eta Bilbao Ekintza TEEPko
presidentea, Oihane Agirregoitia, Herritarrei Arreta eta Partaidetzako eta Nazioarteko
zinegotzi ordezkaria, Aitor Bilbao Alkatetza Kabineteko Zuzendaria eta Javier Garcinuño
Bilbao Ekintza TEEPko Zuzendari nagusia, Bilboko alkatetzetik.
Matematika Aplikatuaren Euskal Zentrotik – BCAM, Adolfo Morais, BCAMeko presidentea
eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Unibertsitate eta Ikerketa Saileko sailburuordea,
Jose Antonio Lozano katedraduna, BCAMeko zuzendari zientifikoa, Luis Vega katedraduna,
APDE arloko koordinatzailea, David Pardo katedraduna, MATHDES taldeko koordinatzailea,
Dae-Jin Lee doktorea eta Data Science eta Ezagutza Transferentzia Unitateko
koordinatzailea, bertaratu dira.
Matematika Aplikatuaren Euskal Zentroari – BCAM
Matematika Aplikatuaren Euskal Zentroa – BCAM Matematika Aplikatuaren arloko
nazioarteko ikerketa-zentroa da, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak sustatua eta BERC
(Basque Excellence Research Centers) sarearen parte dena. 2008an sortu zuen Eusko
Jaurlaritzak Ikerbasqueren bitartez. UPV/EHUren, Bizkaiko Foru Aldundiaren,
Innobasqueren eta Petronor Innovacion enpresaren babesa ere badu. Helburu nagusietako
bat matematika gizartearen zerbitzura jartzea da, ezagutza transferituz, ikerketaren emaitzak
biozientziak, osasuna, energia edo fabrikazio aurreratua bezalako sektoreetara zabalduz,
eta tokiko eta nazioarteko erakundeekin eta enpresekin batera lan eginez.
Gaur egun, 25 nazionalitatetako 120 ikertzailek baino gehiagok lan egiten dute hainbat
arlotan, datu-zientziatik edo matematika konputazionaletik hasi eta modelizazio
matematikoraino. BCAM «Severo Ochoa» bikaintasun-zentro gisa bi aldiz jarraian akreditatu
du Estatuko Ikerketa Agentziak, munduko ikerketa-erakunde onenei bere alorrean ematen
zaien saria.