Eusko Jaurlaritzak 2022ko Euskadi Literatura Sarien deialdia onartu du

0

Gobernu Kontseiluak, gaurko bileran, 2022ko Euskadi Literatura Sariak arautzen eta deitzen dituen agindua onartu du. Urteko sari horiek 2021 urtean argitaratutako literatur lanen kalitatea saritzen dute, eta, horrela, literaturen alorreko euskal idazleen, itzultzaileen eta ilustratzaileen sorkuntza sustatzen dute. Gainera, saritutako lanak zabaltzeko aukera ematen dute, eta egileak eta beraien gainontzeko lanak ezagutarazten laguntzen dute.

Euskadi Literatura sariak udazkenean jakinaraziko dira eta zazpi modalitatetan banatzen dira:

  • Euskarazko literatura: jatorriz euskaraz idatzitako literatura-sorkuntzako lanak.
  • Gaztelaniazko literatura: jatorriz gaztelaniaz idatzitako literatura-sorkuntzako lanak.
  • Euskarazko haur eta gazte literatura: jatorriz euskaraz idatzitako haur eta gazte literatura-sorkuntzako lanak.
  • Euskarazko literatura itzulpena: beste edozein hizkuntzatatik euskarara itzulitako literatura lan berriak. Saria eskuratzeko aukera izango dute, baita ere, beste itzultzaile profesional batek gutxienez hamar urte lehenago argitaratutako lan beraren beste itzulpen batekin editatzen diren lanek.
  • Literatura lanaren ilustrazioa: liburu tankeran argitaratutako literatura lanak (albumak, liburu ilustratuak, nobela grafikoak, komikiak), ilustrazio-zati esanguratsua dutenak. Lanaren zati ilustratua originala izan behar da.
  • Euskarazko saiakera: jatorriz euskaraz idatzitako fikziorik gabeko lanak.
  • Gaztelaniazko saiakera: jatorriz gaztelaniaz idatzitako fikziorik gabeko lanak.

Sari bakoitzak 18.000 euro ditu, eta 4.000 euro gehiago jaso ditzakete lana beste hizkuntza batean argitaratzen bada. Euskarazko Literatura Itzulpenaren irabazleak 18.000 euro jasoko ditu.

Modalitate bakoitzeko epaimahaiak erabakiko du sariak nori eman. Epaimahaikide bakoitzak hautagaitza bat edo bi aurkeztu ahal izango ditu.