Lanbidek onartu du 65 milioi euro bideratzea enplegu-zentro berezietarako eta ezgaitasuna duten pertsonak ohiko lantokietan sartzeko

0

Gaur, LANBIDE-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak onartu du 65 milioi euro bideratzea enplegu-zentro berezietarako laguntzetara. Laguntzek xede dute, batetik, desgaitasuna duten pertsonen lanpostuak mantentzea; eta, bestetik, lanbide-jarduerari laguntzeko unitateak.  Bi partidak handitu egin dira iazko datuekin alderatuta.

Idoia Mendia buru dela, Lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua, Lanbideren Administrazio Kontseiluak zenbait partida onartu ditu zailtasun bereziak dituzten kolektiboen enplegagarritasuna indartzeko. Horietako batek helburu du desgaitasuna duten pertsonen lanpostuak Enplegu Zentro Berezietan mantentzea. Zenbatekoa 59,5 milioi euroko da (2021ean baino 4,4 milioi gehiago). Kontratatutako pertsonen soldata-kostua estaltzeko diru-laguntza une bakoitzean lanaldi osoan kontratatutako langile bakoitzeko indarrean dagoen Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren % 50 izango da. Kontratuak lanaldi partzialekoak baldin badira, egindako lanaldiarekiko proportzionala izango da. Iaz, hilean, batez beste 10.038 lanpostu lagundu ziren diruz; eta zenbatekoa osoa 5,1 milioi eurokoa izan zen.

Ildo beretik, LANBIDEren Kontseiluak Enplegu-zentro berezietako lanbide-jardueran laguntzeko unitateentzako laguntzak ere onartu ditu. Unitate horiek talde multiprofesional gisa eratzen dira. Eta, hainbat eginkizunen bidez, oztopoak gainditzen laguntzen dute; hain zuzen ere, laneratzea oso zaila duten Enplegu-zentro berezietako desgaitasunen bat duten langileen oztopoak. Horien artean hauxek daude: garun-paralisia duten pertsonak; gaixotasun mentala dutenak; % 33ko edo gehiagoko desgaitasun intelektuala dutenak; % 65eko edo gehiagoko desgaitasun fisiko edo sentsoriala dutenak. Kasu horietan, laguntzek xede dute lanpostu batean sartzea gehi lanpostu horretan jarraitzea. Azken finean, aipatu laguntza funtsezko bidea da pertsona horiek gizartean erabat integratzeko. Aurtengo partida 5,5 milioi eurokoa izango da. 2021ean programa horien finantzaketa 5 milioi eurokoa izan zen, eta kreditu osoa agortu zen. Zehazki, 4.777 pertsona desgaitu artatu zituzten (hots, 2020an baino 91 pertsona gehiago).

Desgaitasuna duten pertsonekin lotuta, beste laguntzen deialdia ere onartu da, lan-merkatu arruntean kolektibo horren enplegua sustatzeko (700.000 eurokoa). Deialdi horrek desgaitasuna duten pertsonak merkatu arruntean kontratatzeko diru-laguntzak ematen ditu. Enpresentzako diru-laguntzaren zenbatekoa 4.000 eurokoa izango da, kontratua lanaldi osokoa bada. Lanaldi partzialekoa bada, berriz, itundutako lanaldiarekiko proportzionala izango da.  Kontratatua emakumea bada, diru-laguntzaren zenbatekoa % 10 handituko da. 2021ean 139 lanposturi eman zitzaien diru-laguntza (osorik, 505.000 euro). 2022rako aurreikuspena da kreditua agortu baino lehen 199 eskaera inguru izapidetzea.

Era berean, lanpostuak egokitzeko eta oztopoak ezabatzeko laguntzak ematen dira. Zenbatekoa 1.000 eurokoa izango da gehienez langile bakoitzeko. Aurtengo hiru laguntza posible aurre ikusten dira.