«Txoko Gourmet» ireki da

0

Euskal kulturaren jaialdia hasi ondoren, atzo Azkuna Zentroan, Bilbao basque FESTek gunerik esanguratsuenetako bat ireki zuen, «Txoko Gourmet» izenekoa. Juan Mari Aburto alkateak, udal ordezkariekin batera, euskal gastronomiaren onena eskaintzen duen gune hori bisitatu du Areatzan.

Bilbao Basque FESTek euskal kulturaren tradizioak biltzen ditu programazioan: musika, gastronomia, herri kirolak, zinema eta abarrekin zerikusia duten jarduerak. Apirilaren 17ra arte izango da, igandea.

“Txoko Gourmet” gunean, Euskal Herriko hamabi helmuga turistikotako zero kilometroko produkturik onenak dastatu eta erosteko aukera egongo da, baita bertako erakargarritasun nagusiak ezagutzeko ere stand informatiboen bidez. Apirilaren 16ra arte izango da, larunbata. Zortzigarren edizio honetan, honako eskualde hauek parte hartu dute: Aiaraldea, Iparralde, Arabako Errioxa, Durangaldea, Enkarterri, Gorbeialdea, Urdaibai, Uribe Jataondo, Urola Kosta, Goierri, Tolosaldea eta Euskal Kostaldeko Geoparkea.

BEREHALAKO 1.080 DASTATZE

Ostegun, ostiral eta larunbat goizetan eta arratsaldeetan dastatu ahal izango diren berehalako eta doako dastatzeetan aurkeztuko dituzte helmuga turistikoek beren produktuak, hala nola Idiazabalgo gazta, Iparraldeko garagardoa, Durangaldeko sagardoa, Tolosaldeko txokolatea, Uribe eta Urdaibaiko txakolina, Enkarterriko ore amarekin egindako ogia, Arabako Errioxako olioa eta ardoa. Zortzigarren edizioan 1.080 plaza egongo dira dastatzeetan parte hartzeko.

Horrez gain, “Txoko Gourmet” gunean, sukaldaritza tailertxoetan eta haurrentzako ikastaroetan parte hartzeko aukera ere egongo da. Lehenengoak 45 minutukoak izango dira eta honako hauek prestatzen erakutsiko digute: hegaluze, arrautza eta Gernikako piper broxetak; Arabako patata edo baserriko txerri pintxoak, ogitarteko osasungarriak; gildak… Bigarrenetan, parte hartzen duten haurrek hau ikasiko dute: tomate, porru eta piperren hazitegiak loreontzietan nola birlandatu eta oihalezko poltsak nola pertsonalizatu plantillak eta landare-tindagaiak eta itsasgarriak erabiliz.

    • Dastatze eta tailerretarako izen ematea karpan bertan egingo da.

 

Produktu horiek guztiak dastatzeaz gain, “Txoko Gourmete” karpako “Market” atalean produktuak erosteko aukera izango dute bisitariek. Eskaintza komertziala Eskutartie Udaberriko Artisautza Azokako zeramika, larru eta egurrezko “basque” piezekin eta igandeko Loreen Azokako loreekin osatzen da.

Eskaintza gastronomikoa osatzeko, Bilboko 307 ostalaritza- eta merkataritza-establezimenduk Bilbao basque FEST jaialdiarekin egingo dute bat; besteak beste, jatetxeak, tabernak, gozotegiak eta denda espezializatuak izango dira.

POESIA ZABALGUNEAN ETA AKELARREA GAS PLAZAN

Gaurko egitarauaren beste puntu garrantzitsu bat Zabalguneko eraikinean izango da 19:00etan: «Minimalarte» ekimen artistikoa. Poesia errezitaldi horren protagonista Txani Rodríguez da, 2021eko Euskadi Literatura Saria, Dana musikari kubatarraren piano-notak eta musika lagun dituela. Azken horrek euskarazko eta gaztelaniazko abestiak interpretatuko ditu.

Bi ordu geroago, 21:00etan, Gas plazan Deabru Beltzak kale-antzerkiko konpainiaren «Les Tambours de Feu» ikuskizuna izango da, 2021ean Arte Eszenikoen MAX saria jaso zuena. Ikuskizun zirraragarria da. Akelarreko deabrua eta perkusio joleak plazan zehar ibiliko dira, danborren soinu, piroteknia eta efektu berezi harrigarriz inguratuta.

BILBOKO HISTORIA EZAGUTZEA

Bilbao basque FESTen hiribilduaren historia modu ezberdin eta berezietan ezagutu daiteke. Edizio honetako berrikuntzetako bat Bilboko hiri-espazio bereizgarrienetako bat izango da, Casilda Iturrizar parkea. Parke enblematiko horrek familia osoarentzako jarduera berri bat hartuko du ostegun, ostiral eta larunbatean, goizeko eta arratsaldeko saioetan: “Eskape Park”. Escape rooms ezagunetan oinarrituta dago jolasa. Horren bitartez, Bilboko Zabalgunearen eta bilbotar ospetsu batzuen historia emango da ezagutzera, Casilda Iturrizar andrea, Ramón Bastida edo Boni barkilleroa, esaterako.

Beste aukera bat Alde Zaharreko kaleak eguerdiro Bilboko anfitrioiekin zeharkatzea da. Jarduera horri esker, modu ludikoan ezagutu daitezke hiribilduaren sustraiak, ibilbide gidatu batzuen bitartez. Alde Zaharreko kartel handien bidez, anfitrioiek euskarazko oinarrizko eta erabilera arrunteko esaldiak irakatsiko dizkiete ibilbidean parte hartzen dutenei.

Gainera, Bilbao basque FESTen zortzigarren edizioan anfitrioi berri bat estreinatuko da: Txomin, Txirenea. Pertsonaia fanfarroi eta txantxazale berri hori beste bisitari bat bezala mugituko da hirian zehar, jardueretan sartuz eta euskal kulturaren ezagutza sendotzen lagunduz. Nahi dutenek argazki bat atera eta #BilbaoBasqueFest traola erabili ahal izango dute sare sozialetan.

Itsasadarra Bilbo ezagutzeko beste agertoki bat izango da. Aurten ere Mirentxuk eta Begotxuk itsasadarra zeharkatuko dute Bilboats itsasontzian eta istorio barregarriak kontatuko dituzte. “Bilbao Paranormal” ikuskizunean, bi lagunek iragana gogoratu, oraina bizi eta Bilboren etorkizuna irudikatuko dituzte, hipnosi, telepatia eta bestelako mentalismo-tekniken bidez. Ibilaldi antzeztuak ostegun, ostiral eta larunbatean egin ahal izango dira 11:30ean, 12:30ean, 13:30ean, 16:30ean, 17:30ean eta 18:30ean. Txartelak Bilboatsen Pio Baroja plazako bulegoan eta webgune honetan daude eskuragarri: https://www.bilboats.com/

KALEJIRAK ETA ERROMERIAK KALEETAN ZEHAR

Bilboko txoko bakoitzeko giro ona da Bilbao basque FESTen bereizgarrietako bat. Tradiziozko kalejirek erritmo biziak zabalduko dituzte Guggenheimeko zabaldegian, Arriaga Antzokian, Bizikidetasun plazan, Ledesma-Villarías eta García Rivero-Pozas kaleetan. Erraldoi, buruhandi eta zaldikoen mugimendu erritmikoekin uztartuko dira otxote, txistulari eta gaiteroen musika nota tradizionalak.

Formatu handiko erromerietan, Bizkaiko Dantzarien Biltzarreko Ortzadar fanfarriak, Salbatzaile dantza taldeak eta Gaztedi dantzari taldeak dantza egingo dute Gas plazan, egunero, 20:00etan.

OSTEGUN SANTURAKO BESTE PROPOSAMEN BATZUK

Gaur, halaber, mundu guztiarentzako beste eskaintza asko ditugu.

    • Areatzan, Bilbao basque FESTeko jarduera ezinbestekoetako bat dago, Herri Kirolak. 12:30ean, harri-zulatzaileen eta altuerako mozketako aizkolarien erakustaldiak izango dira. Arratsaldean, 18:00etan, lehen mailako emakume harri-jasotzaileen txanda izango da, baita fardo-jasotzaile eta -jaurtitzaileena ere.

 

    • Martzana kaian ez da faltako DJen erritmorik, bertan izango baita “Hamaika” Lorea Argarate, 19:00etatik aurrera.

 

    • 20:00etan Bilborock umorez beteko da, Nerea Garmendia eta Victor Amilibia protagonista dituen “Vaya pack de vascos” ikuskizunarekin.

 

PROGRAMA OSOA ETA EGUNEKO AGENDA ERANTSI DIRA