Logos, duela 70 urtetik gama altuko altzari pertsonalizatuak eskaintzen dituen ETEa

0

Logos Zaldibian kokatutako enpresa bat da, etxerako konponbide globalak eskaintzen dituzten altzariak egiten dituena. Bere berezitasun nagusia da duela 70 urte baino gehiagotik gama altuko fabrikazio industrializatuko eredu bat duela baina artisau-nortasunarekin. Konpainiak SPRI Taldearen “Innobideak” programako laguntza bat jaso du, zeinak laguntza ematen baitu berrikuntza ez-teknologikoa eta pertsonen parte-hartzea sustatzeko, kudeaketa aurreratua txertatzeko eta bikaintasuna bilatzeko antolakundeetan.

Logos 1952an sortu zen sukaldeko eta bainugelako gama altuko altzari fabrikatzaile gisa, nagusiki sukaldeko armairu eta arasak. 1982an kooperatiba bilakatu zen, 2002an nazioartekotze bideari ekin zion eta Frantziara eta Portugalera zabaldu zen, eta 2011n Amerikara iritsi zen.

Hurrengo mugarria 2013an heldu zitzaien, 1.500dik gora pertsonaz osatutako Ner Group enpresa-taldean sartu zirenean, harreman-estilo berri bat partekatzeko. “2008ko krisiak kalte handia egin zigun, eta aldaketa baten beharra ikusi genuen. Horregatik sartu ginen Ner taldean. Horrek goitik behera aldatu zuen gure antolakuntza-eredua eta erronka berriei aurre egiteko modua” azaldu du Logos-eko koordinatzaile nagusi Alberto Gonzalok. 2014an Kallmar enpresa nafarra erosi zuten, neurrira eginiko diseinuko armairu eta jantzitoki pertsonalizatuen fabrikazioan espezializatua. “Horri esker, gure produktua dibertsifikatu ahal izan genuen”.

Logos-ek eskaintzen duen produktua etxerako konponbideen diseinu eta fabrikazioa da: sukaldeak, bainugelak, armairuak eta jantzitokiak, panelak, itxiturak, ate pibotagarriak edo logelak. Bere bezeroak dira dekorazio-estudioak eta etxerako elementuak nahiz sukaldeak saltzen dituzten dendak.

“Gama altuko bezeroak dira, eta guk produktu-konponbideak ematen dizkiegu espazioak proiektatu ditzaten integralki eta akabera gama berarekin. Pertsonalizazioan oinarritzen gara, katalogo zabal batekin eta kalitate handiko akaberekin. Produktu oso fidagarri eta iraunkorra da gurea”.

Fabrikatzaile industrializatua da, baina artisau-nortasuna gordetzen

Enpresaren berezitasun nagusia da edozein proiektu egokitu dezaketela “modu industrializatu batean, baina konponbide pertsonalizatu bat eta zerbitzu hurbil eta abegikorra eskainiz, banatzaileak enpresara hurbilduz eta gure proiektuaren parte direla sentiaraziz. Eskaintzen dugun produktu-gamarekin, eta gure katalogo teknikotik abiatuta, edozein instalazio integratu dezakegu kontzeptu bakar batean, giro harmonizatuak sortuz”.

Logos fabrikatzaile industrializatua da, baina artisau-nortasuna gordetzen du. “Beti ematen diogu ukitu pertsonalizatu bat, eta harreman hurbila dugu banatzailearekin”.

Enpresak 7 milioi euro inguru fakturatzen ditu urtean, eta 65 langile ditu.  “Gure helburua ez da handiak izatea, baizik eta egiten dugunari balio erantsia gehitzea, gama altuko bezeroen nitxo horretan posizionatuz”.

Konpainiak SPRI Taldearen “Innobideak” programako laguntza bat jaso du bere lehiakortasuna hobetzeko antolakundeko pertsonen parte-hartzea handituz. Dagoeneko garatuta dagoen proiektu horrek antolakuntzako kultura berritzaile eta parte-hartzaile bat sortu du.

Etorkizuneko erronkak dira Logos marka indartzea “eta gama altuko segmentuan mantendu eta haztea, fabrikazioari balio erantsi handiagoa emanaz”.  Gainera, sendotzen ari da “trakzio-indar handia egiten ari diren merkatuetan, esaterako Frantzian eta Belgikan. Eta, horrez gain, aktiboki lanean ari gara arlo komertzialean, eta emaitza positiboak lortu ditugu Europako merkatuko beste hainbat herrialdetan, hala nola Erresuma Batuan, Herbehereetan edo Portugalen. Hori bai, ez ditugu ahaztu AEBetako gama altuko merkatu-nitxoan ditugun banatzaileak”.