Tapia Bavarian bizi den euskal komunitatearekin bildu da eta enpresa-agenda trinko bati ekin dio. Lehendakaria ere gehituko zaio

0

 

  • Tapiak, gainera, Trumpf, Festo eta Bayer multinazionalen egoitzak bisitatuko ditu

Eusko Jaurlaritzak antolatuta Bavarian bizi diren euskal komunitateko profesionalek bart bilera egin dute, Euskadik Munichen duen ordezkaritza komertzialaren egoitzan. Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak ekitaldi sozial horrekin ekin dio aste osoan Alemanian izango duen agenda trinkoari. Iñigo Urkullu lehendakaria batuko zaio biharko jardunaldian, eta Stuttgarteko Mercedes Benz taldearen zentrala bisitatuko dute.

Aste osoan askotariko bilerak eta bisitak egingo diren arren, horiek guztiek helburu bera dute: Euskadin instalazioak dituzten Alemaniako enpresa handien konfiantza indartzea eta etorkizuneko erronken gertuko jarraipena egitea, hala nola Mercedes, Bayer eta Trumpf enpresena. Asteko agenda osatuko da Municheko Unibertsitate Teknikoan eta Alemaniako Zentro Aeroespazialean egingo diren bilerekin.

Asteartea, uztailak 5

  • Alemaniako Zentro Aeroespaziala (Deutsches Zentrum für Luft- und Raumfahrt, DLR). Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren ordezkaritzak Alemaniako Zentro Aeroespaziala (Deutsches Zentrum für Luft- und Raumfahrt, DLR) bisitatuko du astearte goizean. Zentro hori da, hain zuzen ere, Alemaniako ingeniaritza-ikerketako erakunde handienetako bat. DRL zentroak I+Gko jarduerak egiten ditu aeronautikaren, espazioaren, energiaren, segurtasunaren eta digitalizazioaren alorretan.

Bisita Propultsio Espazialeko Institutuaren instalazioetan egingo da. Institutu horrek hamarkadak daramatza hidrogenoaren inguruan esperimentatzen, eta mundu osoko hidrogeno-erabiltzaile handienetako bat da, Europako Ariane anezkaren familiarentzako motor-proben ondorioz. Ildo horretatik, hidrogeno teknologia aplikatuetako saila arduratzen da energia-iturri berriztagarrietatik sortutako hidrogenoan oinarritzen diren teknologia jasangarriak garatzeaz. Azken batean, hidrogeno-ekoizpenaren arloko ikerketa-ildoak ezagutu nahi dira, baita Hidrogenoaren Euskal Estrategia partekatu eta lankidetza-aukerak aztertu ere.

  • Arratsaldean, FESTO enpresaren egoitzan izango da hitzordua. Bertan zenbait estaziotako Industria 4.0 ikuspegia ikusiko da, eta balioaren fluxuarekin eta logistikaren kontzeptuarekin lotzen den ekoizpenari buruzko informazioa emango da. Era berean, kalitate, segurtasun, mantentze mugikor, smartenance eta datuen kudeaketaren arloko prozesuei buruzko informazioa emango da. Ibilbidean, horrez gain, energia-efizientziaren fabrika, langileen kualifikazioa, ikaskuntza-fabrika eta berrikuntza sustatzeko fabrikak ere izango dira mintzagai.

Asteazkena, uztailak 6

  • Mercedes Taldea. Mathias Geisen Mercedes-Benz Vans-eko CEOak eta haren taldeak zuzenduko dute Iñigo Urkullu lehendakaria buru duen lan-jardunaldia. Lan-jardunaldi horretan, Emilio Titos Vitoria-Gasteizko plantako arduradunak ere parte hartuko du.

Jardunaldian, automozioaren industriak aurre egin beharreko erronkak aztertuko dira. Izatez, automozioaren industria erabat murgilduta dago motorizazio berrien, gidatze autonomo eta konektatuaren edo mugikortasun-kontzeptu berrien ondoriozko egiturazko aldaketan.

Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Mercedes-Benzek sinatutako hitzarmenaren ondoren, eta Mercedes Taldeak Gasteizko plantan 1.200 milioi euroko inbertsioa iragarri ostean, lehendakariak eta sailburuak lan-jardunaldi bete-betea izango dute, taldeko zuzendaritzarekin bildu eta Stuttgarteko planta bisitatuko baitute. Euskal ordezkaritzak Euskadiko gaitasun teknologiko eta zientifikoetan aurrera egiten jarraitu nahi du eta gaitasun horien gaineko konfiantza sendotu nahi du, baita aurreikusitako inbertsioak egiteko egokitasuna indartu ere.

Osteguna, uztailak 7

  • Ostegunean topaketa egingo da TRUMPF taldearekin. Ia 100 urteko historia duen Alemaniako familia-enpresa hori industria-makinen fabrikazioan aritzen da eta Ditzingen-en du egoitza, Stuttgartetik hurbil. TRUMPF da makina-erremintako eta laser-gailuetako munduko hornitzailerik handienetako bat. Alemaniako talde horrek Lantek euskal konpainia eskuratu zuen joan den urteko martxoan. Euskal konpainia hori aitzindari da txapa eta metala mozteko eta prozesatzeko sektorearen eraldaketa digitalean. Horrela, ekoizpen-prozesua hobetu, eta taldeak modu integralean estaltzen du xaflaren eta metalaren eraldaketa-katea. Bisitaldi horretan, Alberto Lopez de Biñaspre Lantek konpainiako CEOak bat egingo du ordezkaritza instituzionalarekin.

 Ostirala, uztailak 8

  • Bayer Pharma. 150 urtetik gorako historia duen enpresa-taldeak osasunaren eta nekazaritzaren arloetan dihardu. 2020an, Bayer-ek Viralgen erosi zuen, gene-terapiari bultzada emateko, eta joan den urtean 120 milioi euroko inbertsioa iragarri zuen gene-terapiaren arloko erreferentzia bihur zedin. Euskadi berrikuntza bioteknologikoaren arloko nazioarteko erreferente bihurtzeko lan egiten ari da. Euskal Autonomia Erkidegoan bioosasunaren sektorea urteko % 5 hazi da azken bost urteotan, eta Bayer gisako talde handiekin elkarlanean aritzea pizgarria izan daiteke bide horretan aurrera egiten jarraitzeko.