Larunbatean egun osoko festa izango da Azpeitiko Skate park berria inauguratzeko

0

Egun osoko egitarau oparoa antolatu dute herriko skatezaleek eta udalak elkarlanean larunbaterako. Ekainaren 21etik erabilgarri dago skate park berria Izarraizko Atea parkearen ondoan, baina irekieraren berri ematearekin batera iragarri bezala, larunbatean, skate zaletasuna sustatu eta indartzeko helburuz egun osoan ekintza desberdinak izango dira.

Egunari hasiera emateko 09:00etatik 11:00etara bitartean haurrentzako BMX, skate, scooter eta roller ikastaroak eskainiko dira, musikarekin girotuta. Ondoren, 11:00etatik 13:00etara bitartean Free session edo saio librea izango da. Bitartean, parkearen inguruan jarriko diren paneletan graffitiak egiten arituko dira. Eguerdiko geldialdiaren ostean, 16:00etatik 17:00etara bitartean, berriz, erakustaldia eskainiko dute Sergio Layos, Ian Ponciano, Andima, Larrun Berrenetxea, Naia Laso eta Mikel Mugerza Kiwi-k, besteak beste. 17:00etatik 20:00etara Jam Sessiona izango da. Bitartean, 19:00etan parte hartzaileen artean hainbat zozketa egingo dira eta 19:30etatik aurrera Parrillada ere izango da gosetzen direnentzat.

Egunari bukaera emateko, Vwaprods eta AS04-en kontzertuak ere izango dira.