Astekonomiak langabeziak ekainean izan duen beherakada eta Gizarte Segurantzako afiliazioak izan duen gorakada jasotzen du gaur, baita Euskadiko industria-ekoizpenaren igoera handia ere

0

2022-07-08

Asteko adierazle ekonomiko garrantzitsuenen artean, Astekonomiak arreta jarri dio, gaur, ekainean lan-merkatuak izan duen bilakaerari, besteak beste. Asteko laburpen honetan, langabeziaren beherakada eta Gizarte Segurantzako afiliazioaren igoera nabarmentzen dira, eta Euskadiko industria-ekoizpenaren maiatzeko igoera handia ere aipatzen da.

Ekainean, langabeziak % 8,8ko beherakada izan zuen aurreko urtearen aldean. Guztira 111.600 pertsona daude inskribatuta, gutxi gorabehera 2019an zegoen kopuru bera. Horietatik, 42.300 gizonak dira eta 64.300 emakumeak. Bestalde, gazteen langabezia batezbestekoa baino azkarrago murrizten ari da (-% 11,9).

Langabeziaren beherakada horren ondorioz, Gizarte Segurantzako afiliazioak urte artekoan % 2,2ko hazkundea izan zuen ekainean, eta ekainean inoiz jasotako zifrarik altuenera iritsi zen. Sexuen arabera, gehikuntza handiagoa izan zen emakumeen artean (% 2,4) gizonen artean baino (% 1,9), eta, sektoreen arabera, zerbitzu-sektorean erregistratu zen aldakuntzarik handiena (% 2,6).

Bestalde, maiatzean, Euskadiko industria-ekoizpena % 9,1 hazi zen, aurreko urtearekin alderatuta. 2008tik izan den ekoizpen-mailarik handiena izan da. Nabarmentzekoa da energiaren (% 20,2) eta ekipamendu-ondasunen (% 14,4) dinamismoa. Kontsumo-ondasunek (% 7,3) eta bitarteko ondasunek (% 3,9) ere aldakuntza-tasa positiboak izan zituzten.

Asteroko laburpen hau da gaurkotasun ekonomikoaren hedapena eta jarraipena errazteko Ekonomia Zuzendaritzak prestatzen duen “Astekonomia” izeneko minutu bateko bideoen oinarria.