Cover Systems-ek korrosioarekiko erresistentzia handia duten metalentzako estaldura termoplastikoak eskaintzen ditu

0

Juan María Lacostek 1985ean sortua, Cover Systems Hernanin egoitza duen enpresa bat da, bezeroei metaletarako estaldura termoplastikoak eskaintzen espezializatua. Konpainia gipuzkoarra ontzigintzara bideratuta jaio zen eta bere ia 40 urteko ibilbidean eboluzionatzen joan da, hainbat sektore barne hartzeaz gain, hala nola uren sektorea (gezatzeko makinak, edateko uraren hornidura…), hiri-altzariak, automobilgintza, trenbide-sektorea, osasungintza, Offshore sektorea, sektore-elektrikoa eta industria kimikoa. Gaur egun 22 profesional ditu plantillan eta 2,5 milioi inguruko urteko fakturazioa. Gainera, nabarmentzekoa da bere hornitzaileetako batzuk Axalta eta Arkema multinazionalak direla.  

Cover-ek eskaintzen dituen estaldurek korrosioaren aurka erresistentzia handia ematen dute, eta korrosioaren aurkako C5M eta CX mailetara iristen dira (korrosio-eskalako bi maila altuenak), korrosibitate handiko inguruneetan irauteko gai direnak, hala nola itsas inguruneetan edo muturreko hezetasuna duten industria-eremuetan. Gainera, babes handia dute urraduraren eta inpaktuaren aurka. Azken seihilekoan, inbertsio handia egin du Coverrek, 5 tonara arteko galdaketa-piezak prozesatzeko instalazioak eta baliabideak handitu baititu. “Horri esker, gaitasun hori duten enpresa nazional gutxietako bat gara”, Iban Ruiz de Gordoa Rico Cover Systems-eko zuzendari komertzialak nabarmendu duenez. 

Bere prozesuetan berrikuntzaren eta teknologia aurreratuen erabileraren aldeko apustua beti izan da garrantzitsua Gipuzkoako enpresan. “Horrek guztiak proiektu bakoitzari berme handienekin aurre egiteko gaitasuna eman digu, estaldura teknikoen eta gainazalen tratamenduaren esparruan nazio mailako erreferente bihurtuz”, zuzendari komertzialak dioenez. Gainera, enpresak ingurumenean duen inpaktua eta karbono-aztarna minimizatzea bilatzen du, konposatu organiko lurrunkorrak ez dituzten estaldurak lehenetsiz, edo eguzki-plakak ezarriz, energia fosilen kontsumoa murrizteko. 

Gaur egun, Cover-ek nagusiki Europako multinazionalentzat lan egiten du, Holandan, Frantzian, Italian edo Erresuma Batuan, merkatu nazionalaz gain. Europan ez ezik, Arabiar Emirerrietan edo Latinoamerikan ere baditu bezeroak. Etorkizunari begira, “gure asmoa da gero eta urrunago iristea eta ahalik eta merkatu gehienei gure irtenbideak eskaintzea”, azaldu du Iban Ruiz de Gordoa Ricok. Gainera, epe laburrean, enpresak plantilla hogeita hamar langileraino handitzea aurreikusi du. 

SPRI Taldeak laguntza ematen dio euskal enpresari, laguntza-programen bidez, trantsizio teknologiko-digitala, energetiko-ingurumen-trantsizioa eta gizarte- eta osasun-trantsizioa errazteko. Aurkitu zure negozioaren beharretara hobekien egokitzen den programa.