Ertzaintzak eta udaltzaingoek motozikleten kontrola indartuko dute uztailean, abuztuan eta irailean

0

Aurten, orain arte, 10 motozale hil dira Euskadiko errepide-sarean, horietatik 5 Gipuzkoan eta beste 5 Bizkaian. Era horretako istripuei aurrea hartzeko, Ertzaintzak, udaltzaingoekin lankidetzan, motozikleten abiadura zaintzeko eta kontrolatzeko kanpaina indartuko du asteburu hauetan:

    • Uztailean: 15etik 17ra eta 29tik 31ra.

 

    • Abuztuan: 6tik 7ra, 20tik 21era eta 27tik 28ra.

 

    • Irailean: 9etik 11ra eta 23tik 25era.

 

Era berean, motozikleten kontrol orokorrak ere indartuko dira uztailaren 23tik 24rako eta iraileko 3tik 4rako asteburuetan.

Abiadura desegokian gidatzea da motor-gidarien kolektibo honek istripua izateko arrisku-faktore nagusietako bat, eta besteak dira arauz kontrako aurreratzeak, arreta-galtzeak, trebezia-falta, ekipamendu egokia ez eramatea edo alkohola eta drogak kontsumitzea.

Sonia Díaz de Corcuera, Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariaren esanetan, “Eusko Jaurlaritzak arreta berezia eskaintzen die errepidean zaurgarrienak diren kolektiboei, hau da, oinezkoei, txirrindulariei, mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak (MPI) gidatzen dituztenei eta motor-gidariei.  Jar zaitez nire gurpiletan estrategiak, hain zuzen ere, motor-gidarien sentsibilizazioa eta formakuntza sustatzen ditu, euren trebeziak hobetzeko eta ondorio larriak izan ditzaketen istripuak saihesteko.”

Gaur egun motozikletak Euskadiko ibilgailu guztien % 10 dira, 2020ko datuen arabera. Lurraldez lurralde, Gipuzkoa da motozikleta gehien erregistratuta dituen lurraldea (guztien % 46), eta ondoren Bizkaia (% 42) eta Araba (% 12).

Kanpaina hau trafikoa zaintzeko eta kontrolatzeko urte osorako programatu diren 46 kanpainen egutegiaren barruan egingo da.