HUB turistikoak urtebete bete du

0

Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako HUB turistikoak urtebete bete du dagoeneko, eta hamabi hilabete hauetan egindako ibilbidearen balantzea emankorra izan dela esan daiteke. Joan den uztailean, turismoaren inguruan pandemiak eragindako ziurgabetasunak sektorea mehatxatzen jarraitzen zuen unean, jarri zen martxan HUB turistikoa, Gipuzkoako turismoaren sektorearen beharrak antzemateko eta sektore hori pisuzko industria gisa lurraldean finkatzen lagunduko duten irtenbideak proposatzeko. HUBaren oinarriak lankidetzan, berrikuntzan eta ekintzailetzan oinarritzen dira, eraldaketa digitalaren eta jasangarritasunaren ardatzen euskarri baitira, sektorearen garapenari eta joera turistiko berriei aurrea hartzeari begira.

Gaur egun, HUBak 266 atxikipen ditu (horietatik 187 enpresak dira eta gainerakoak profesional independenteak), eta nagusiki 2021eko irailetik 2022ko ekainera bitartean egin diren 42 jardueretan parte hartu dute. Guztira, 605 pertsonak parte hartu dute lankidetza-proiektuetan, prestakuntzetan, tailerretan, topaketetan, aholkularitzan edo berrikuntzarekin lotutako jardueretan. Halaber, 191 enpresa-bilera egin dira HUB gunean. Profesionalen, agenteen eta atxikitako enpresen jatorriari dagokionez, % 61 Donostiakoak dira, eta gainerako % 39ak probintziakoak.

HUBari atxikitako entitateen ezaugarriak desberdinak dira, baina gehienak ostatu sektorekoak dira (88); gainera, presentzia nabarmena dute turismo-gidariek (32), museoek eta interpretazio zentroek (20), turismo aktiboak (20), aholkularitzak eta prestakuntzak (15), bidaia agentzia hartzaileek (13) eta elkarte sektorialek (10). Aktiba, Geoparkea, Tecnalia eta Deustuko Unibertsitatea dira, besteak beste, hitzaldiak edo prestakuntza saioak eman dituzten agenteak. Sektorea gaitzeko jarduerek oso harrera ona izan dute, eta hori argi ikus daiteke entitate parte-hartzaileek HUBari eman dioten batez besteko gogobetetasun-nota orokorrean (4,6 5etik). Gaikuntza hori hainbat prestakuntza-ekintzatan oinarritzen da: gai aurreratuetan sartzeko saioak, gai zehatzei buruzko jardunaldi sakonak, eta tresna digital errazak erabiltzeko tailer praktikoak.

Lankidetzazko proiektuak HUBaren beste jarduera-formatu garrantzitsuenetako bat dira, eta proiektu horiek hainbat eragile, erakunde, enpresa edo antolakunde biltzen dituzte. Gaur egun, alor hauekin lotutako bi proiektutan lan egiten ari da: turismo gastronomiko jasangarriarekin, eta Gipuzkoako ostatuek klima-aldaketa arintzeko egiten duten ekarpenarekin. Era berean, hilero “Afterwork” saio batzuk antolatzen dira, eta saio horietan sektoreko enpresek beren proiektuak aurkezten dituzte hainbat eragileren aurrean, elkarlana sustatzeko eta enpresa-ekimen berriak sortzeko.

Enpresa-proiektuen tipologia era askotakoa da, eta proiektuek zerikusia dute nitxoko produktu berriak sortzearekin, ostatu bereziekin, eraldaketa digitalarekin, eta dagoen eskaintzaren gaineko berrikuntza-maila handiarekin. Kasu horietan, HUBak turismo arloko ezagutza espezifikoa ematen du, eta bitartekotza lana egiten da proiektuetarako beste laguntza-baliabide batzuk eskuratzeko, besteak beste bideragarritasun ekonomikoa aztertzera eta laguntzak lortzera bideratuta.

Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak oso positiboki baloratu du HUBaren jardueraren lehen urtea, eta hau adierazi du: «lehen urtea oso dinamikoa izan da. Oso pozik gaude egindako jardueren kopuru handiarekin, eta baita ere enpresen, eragileen, elkarte sektorialen, eskualde erakundeen eta Donostia Turismoaren parte-hartzearekin. HUBa lankidetza eta esperimentazioa sustatzeko sortu zen, Etorkizuna Eraikizen printzipioekin bat etorriz, betiere helburu hauek lortzeko xedez: sektorea indartzea eta bere lehiakortasunari laguntzea, eta enpresa berritzaile berrien garapena bultzatzea, kalitatezko enplegua sortzeko, Gipuzkoa posizio onean kokatzeko, eta ekimen eta proiektu berriak lurraldera erakartzeko. Gure ustez, lehen urte honetako ibilbideak lagundu du helburu horiek lortzen».

Etorkizuneko erronkak

Bestalde, HUBeko zuzendariak, Cristina Iturriagagoitiak, hiru erronka garrantzitsu nabarmendu ditu etorkizunari begira: «Epe labur eta ertainerako helburuen artean, hauek dira nagusienak: alde batetik, atxikitako enpresen kopurua handitzea, batez ere Donostialdetik kanpoko enpresak, eta, bestetik, Gipuzkoako ekintzailetzari eta berrikuntzari lotutako ekosistemako beste eragile batzuekin lan egiteko sare batean erabat integratzea. Era berean, adierazi du HUBak aukera eman duela enpresak, baliabideak eta helmugak hobeto ezagutzeko eta jardunbide egokiak trukatzeko; izan ere, eginkizun hori oso estimatua izan da pandemia garaiaren ondoren, harreman pertsonalak eta profesionalak baldintzatu egin baitira garai horretan