Hamahiru film labur lehiatuko dira Nest Sariaren 21. edizioan, eta ohiko formatua berreskuratuko da aurten

0

Nesten –Donostia Zinemaldiko zinema-ikasleen film laburren nazioarteko lehiaketaren– XXI. edizioan 44 herrialdetako 160 eskolak aurkeztutako 350 filmetatik hamahiru hautatu dira, formari eta gaiari dagokienez oso aniztasun handikoak. Hautatutako lanak herrialde hauetatik datoz: Alemania, Brasil, Txina, Kolonbia, Espainia, Estatu Batuak, Frantzia, Japonia, Dominikar Errepublika, Hegoafrika eta Suitza.

Donostia Zinemaldiak eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak antolatua, Nest sailak mundu osoko zinema-eskoletako ikasleen –egungo eta etorkizuneko zinemagileen– lanak ezagutarazten ditu. Film laburrak erakutsi eta preskribatzeko leku izateaz gain, Nestek ikasleen, zinemagileen, industriako profesionalen eta ikus-entzuleen arteko topaleku izateko bokazioa ere badu: Zinemaldiak zinemari buruz elkarrizketan aritzeko eta prestakuntza-alorraren eta mundu profesionalaren arteko gurutzaketa faboratzeko gaitzen duen gune bat, hain zuzen.

Hautatutako hamahiru film laburrak Tabakalerako zinema-aretoan emango dira irailaren 19tik 23ra (astelehenetik ostiralera), jardueraz betetako programa batean; aurten, Nestek bere ohiko formatua berreskuratuko du, pandemiaren aurretik zuena, alegia, klase magistralekin eta ekitaldi sozialekin, eta horrek esan nahi du berriro bilduko direla zinema-eskoletako 60 ikasle baino gehiago Donostian.

Laugarren urtez jarraian, Elías Querejeta Zine Eskolak (EQZE) –Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako eta Zinemaldiak, Tabakalerak eta Euskadiko Filmategiak parte hartzen duten eskolak– aurkeztutako film labur bat barne hartuko du Nest sailak. Hala, Mikele Landa Egigurenek zuzendutako Noizko basoa bilduko du Nestek. Gainera, UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko zuzendari baten film laburra ere hautatu da: Nagore Muriel Letamendiaren Erro bi. Euskarazko film laburrak lehian ariko dira lehendabizikoz saila duela 21 urte sortu zenez geroztik.

Aukeratutako lan guztien artean, zinemaren esparruko pertsona ospetsu batez eta hautatutako eskoletako ikasleez osatutako epaimahai batek Nest Saria emango du: 10.000 euro film labur irabazlearen zuzendariarentzat.

Nestek –talentu berriak bultzatzeko estrategiaren barruan Donostia Zinemaldiak duen sail garrantzitsuenetako batek– hogeigarren urteurrena ospatu zuen iaz. 2002an sortu zenetik, 1.000 zinemagile gazte baino gehiago hartu ditu, ehun eskola magistral eta elkarrizketa egin ditu industriako profesionalekin (Céline Sciamma, Albertina Carri, Alexander Payne eta Bertrand Bonello) eta 350 film labur baino gehiago hautatu ditu. Nest guzti-guztiaren abiapuntutzat jotzen da, eta Jerónimo Quevedo, Kiro Russo, Oren Gerner, Isabel Lamberti, Léa Mysius, Laura Wandel, Grigory Kolomytsev eta geroago euren hurrengo lanak nola Donostiako Zinemaldian hala nazioarteko zirkuituko beste lehiaketa batzuetan estreinatu dituzten beste hainbat zinemagileren lanak erakutsi izan ditu.

Tabakalerako Medialabeko Estudioan orain arteko film sarituak proiektatu dira nahieran ikusteko.