Lehiaren Euskal Agintaritzak Gipuzkoako bi ehorztetxe isundu ditu nagusitasunezko posizioaz abusatzeagatik.

0

Lehiaren Euskal Agintaritzaren (LEA/AVC) Kontseiluak zehapen-ebazpena eman du Gipuzkoako bi ehorztetxeren aurka, sektoreko beste enpresa batzuei beilatoki- eta errausketa-zerbitzuak ematean “nagusitasunezko posizioaz abusatzeagatik”: beilatoki-zerbitzuak erabiltzeagatik edo lagatzeagatik gehiegizko prezioak aplikatzea; operadoreen artean diskriminazio-prezioak aplikatzea beilatoki-zerbitzuengatik tarifa desberdinak kobratuz; eta hiltegi-zerbitzua kontratatzeko betebeharra inposatzea.

Erakundearen ebazpenaren arabera, arau-haustearen erantzulea Tanatorio Donostialdea-Donostialdeko Beilatokia, S.A. (TADOSA) da eta, solidarioki, Rekalde 21 Corporación S.L. matrizea. MÉMORA SERVICIOS FUNERARIOS SLU enpresak erosi ditu duela gutxi Rekalde 21 Corporación, S.L.-ren partaidetza duten sozietateak, eta enpresa-talde horretan sartu dira.

2020an, Lehiaren Euskal Agintaritzako Ikerketa Zuzendaritzak jakin zuen Errekalde taldeko enpresek arau-hauste bat egin zutela. Ikerketa-lan batzuk egin ondoren, 2021eko apirilaren 6an zehapen-espedientea ireki zitzaien Rekalde eta TADOSA enpresei, ustez Lehiaren Defentsari buruzko Legearen 2. artikuluak debekatutako jokabideak gauzatzeagatik. Orain, Lehiaren Euskal Agintaritzaren Kontseiluak zehapen-ebazpena eman du, arau-haustea larritzat jo eta 166.920€-ko zehapena ezartzen duena. Ebazpen horrek administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta administrazioarekiko auzien jurisdikzioan errekurtsoa aurkeztu daiteke.

Ebazpen osoa esteka honen bidez kontsulta daiteke.

 

Lehiaren Euskal Agintaritzari buruz

Lehiaren Euskal Agintaritza administrazio-izaerako erakunde autonomoa da, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailari atxikitua, bere jarduera independentzia organiko eta funtzionalarekin garatzen duena Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan. Merkatuan lehia askearen eta gardentasunaren baldintzak sustatzea, bermatzea eta hobetzea du helburu, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan egiten diren jarduera ekonomikoei dagokienez.