Lide Amilibia Osasun Mentalaren Nazioarteko Egunean: «Buru-gaixotasuna duten emakumeek ez dute aukerarik izaten gizartean parte hartzeko, eta bereziki zaurgarriak dira indarkeriaren aurrean»

0

Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordeak parte hartu du gaur goizean Bilbon, Euskadiko Osasun Mentaleko Federazioak (Fedeafes) antolatutako Osasun Mentaleko Nazioarteko Eguna ospatzeko ekitaldian (aurten ere 35. urteurrena ospatuko du).

Hitzorduan, Dale like a la salud mental lelopean, manifestu bat irakurri da, eta Maria Isabel García eta Mikel Merino En Primera Persona Batzordeko Kideek, Juan Mari Aburtu Bilboko alkateak eta Maria Angeles Arbazagoitia Euskadiko Osasun Mentaleko presidenteak hartu dute parte.  Gainera, honako hauek ere parte hartu dute: Inés Ibáñez de Maeztu, Arartekoaren albokoa; José Antonio de la Rica, Asistencia Sociosanitariako zuzendaria; eta Sergio Murillo, Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Politikako diputatua.

Amilibiak ospatu du azken urteotan «isiltasun luze eta mingarriarekin apurtzea, aurreiritzi zaharrei eta estigma bidegabeei aurre egitea» lortu dela. Sailburuordeak arreta jarri nahi izan die Osasun Mentalaren Nazioarteko eguneko protagonista diren neska, haur eta nerabeei eta gaixotasun mentala duten emakumeei, «diskriminazio bikoitz eta hirukoitzari aurre egin behar baitiote». Bestalde, beharrezkoa da «osasun mentalarekin zerikusia duten gaietan genero-ikuspegia sartzea»; izan ere, datuen arabera, «bikotea izan duten eta buru-gaixotasun larria duten emakumeen %80k indarkeria jasan dute». Gainera, gaixotasun mental larria duten emakumeen %42 indarkeria jasaten ari dira bikotearen eremuan, eta ez dute hala identifikatzen. Azkenik, indarkeria jasateko arriskua bi eta lau aldiz handitzen da buru-gaixotasuna izanez gero».

Lide Amilibiak nabarmendu du garrantzitsua dela jardunaldi hori aprobetxatzea «orain arte egindakoa ospatzeko» eta «norabide berean lanean jarraitzeko konpromisoa berresteko». Ildo horretatik jarraituz, «erakundeen arteko lankidetzaren eta sareekin, Hirugarren Sektore Sozialarekin eta Europar Batasunarekin berarekin partekatutako erantzukizunen aldeko apustua egiten jarraitzeko» beharra aipatu du.