BeuginGarayk korrosioaren aurkako estalduren esparruan berrikuntza garatzen ari da sektore gehiagotara iristeko helburuarekin

0

BeuginGaray korrosio, urradura eta eraso kimiko arazoak konpontzen dituen enpresa da. Abanto-Zierbenan (Bizkaia) kokatuta dago eta ia 100 urteko historia du. Izan ere, sektoreko bi enpresaren batura da. Hiru negozio-ildo nagusi ditu, tailerreko estaldurak, obrako estaldurak eta produktu propioen fabrikazioa, eta bere bezeroak honako sektore hauetan aritzen dira: industria kimikoan eta elektrokimikoan, ongarrien-industrian, uren tratamenduan edo industria siderurgikoan, besteak beste. Bere Bizkaiko produkzio-plantan korrosioaren aurkako estaldurak diseinatu, fabrikatu eta aplikatzen ditu exijentzia handiko inguruneetan. 

Konpainiak filialak ditu Frantzian, Belgikan, Marokon, Tunisian eta Hegoafrikan, eta, gainera, lankidetza-akordio gehiago ditu beste herrialde batzuetako enpresekin. “Aurten, esportazioak gure fakturazioaren ia % 70 izan dira. Duela 20 urte baino gehiago hasi zen gure enpresaren nazioartekotzea, eta orain ezinbestekoa da gure biziraupenerako”,  Franck Valls BeuginGarayko zuzendari nagusiak nabarmendu duenez. 

Orain, enpresako I+G sailak elastomero material berri bat garatu du, offshore plataformetako altzairu sekundarioen babes mekaniko eta antikorrosiboan erabiltzen dena. Garapen horren bidez, BeuginGarayk itsas eolikoko 8 proiektu baino gehiago egin ditu Europa osoan, eta “hori dibertsifikazio-iturri garrantzitsua da konpainiaren negoziorako”, zuzendari nagusiak azaldu duenez. 

Aipatzekoak dira enpresak azken 20 urteotan egin dituen nazioarteko beste proiektu batzuk, hala nola: Ekialdeko Europan ongarrien planta garrantzitsu baterako korrosioaren aurkako estaldurak; Saharaz hegoaldeko Afrikako meatze-enpresa baterako kautxuz estalitako hodiak; edo Magrebeko fosfato-fabrikatzaile nagusiaren fosfato-mineralaren prozesu-lerroen korrosioaren aurkako estaldurak. 

Bizkaiko enpresak SPRIren hainbat programatan parte hartu du, hala nola Hazinnova, Innobideak eta Enpresa Digitala. Horri esker, eskaria sortzeko proiektu bat abiarazi du, edo beste batzuk nazioarteko jarduera bultzatzeko, itsasgarrien planta berri bat garatzeko edo marketin-estrategia bat zehazteko. Gaur egun, enpresa beste bi proiektutan murgilduta dago. Lehenengoak, SENSLINE izenekoak, gainera Hazitek programaren laguntza duena, eta korrosioaren aurkako estalduren degradazioa monitorizatzeko sistema bat garatzea du helburu. “Horrekin, balio erantsi handiko zerbitzu berri bat garatzea espero dugu, 4.0 industrian eta gure negozioaren zerbitizazioan lehen urratsak eman ahal izateko”, adierazi du Diego Roldan BeuginGarayko berrikuntza zuzendariak. Bigarrena A2CQM proiektua da, eta Europa osoko enpresa berritzaileek osatzen dute. Korrosioaren aurkako estalduren egoera neurtzeko sistema bat garatu nahi da, droneak erabiliz. 

Etorkizunari begira, BeuginGarayk berrikuntzaren aldeko apustua egiten jarraitu nahi du, eta 4.0 industrian aurrera egin. “Aplikazio-teknologia berriak eta jarduera-sektore berriak sartzea aurreikusten dugu, bai eta nazio-mailako hainbat eremutan hedatzea ere”, amaitu du zuzendari nagusiak. 

Euskal enpresen artean berrikuntza bultzatzeko, enpresa txiki eta ertainetatik konpainia handietaraino, SPRI Taldeak Hazinnova, BDHI Konexio edo Innobideak bezalako berrikuntzarako programak eta laguntzak ditu.