Lehiaren Euskal Agintaritzak produktu kimikoak banatzen dituen enpresa bat zigortu du nagusitasunezko posizioaz abusatzeagatik

0

Lehiaren Euskal Agintaritzak (LEA/AVC) Roca Defisan S.L. enpresa 45.000 euroko isuna ordaintzera zigortzen duen ebazpena eman du, nagusitasun posizioaz abusatzeagatik.

Zigortutako enpresa Espainiako sulfurilo fluoruro produktu kimikoaren banatzaile bakarra da eta, beste batzuen artean, itsasoko edukiontziak fumigatzeko erabiltzen da. Fumigazio-tratamendu hau nahitaezkoa da Australiara eta Zelanda Berrira esportatzen diren edukiontzietarako.

Roca Defisan, S.L. fumigazio zerbitzuen prestazioen merkatuan ere aritzen da, eta banatzaile bakarra izateaz baliatu zen beste lehiakide batzuk sulfurilo fluoruroarekin fumigatzeko merkatuan sartzea eragozteko. Konpainiak sulfurilo fluoruroa aplikatzeko beharrezkoa den prestakuntza emateari arrazoirik gabe uko egitean gauzatu zen blokeoa.

Konpainia horrek merkatuan nagusitasunezko posizioa duela kontuan hartuta , Lehiaren Euskal Kontseiluak Roca Defisan, S.L.ren jokabidea abusutzat jo du, produktu horren banatzaile bakarra baita Espainian.

Arau-haustea oso larritzat jo da, eta zigor ekonomikoa dakar. Izan ere, frogatua izan da lehiaren aurkako gertakariek, gutxienez, 2018ko urritik 2021eko otsailera arte Euskadin ondorioak izan dituztela. Gainera, Lehiaren Euskal Agintaritzak enpresari agindu dio bertan behera utz ditzala zigortutako debekatutako praktikak, eta beharrezko izapideak egin ditzala enpresa kaltetua prestakuntza-ikastaroan sartu ahal izateko.

Ikerketa 2020ko otsailean hasi zen, Lehiaren Euskal Agintaritzak 3D LAN enpresaren salaketa jaso zuenean. Izan ere, Bilboko Portuaren inguruan kokatutako enpresak produktu kimikoa eskuratu behar zuen Australia eta Zelanda Berrirako salgaien fumigazio-baldintzak betetzeko.

 

Lehiaren Euskal Agintaritzari buruz

Lehiaren Euskal Agintaritza erakunde autonomoa da, administrazio-izaerakoa, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailari atxikia, eta bere jarduera independentzia organiko eta funtzionalarekin garatzen du Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan. Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan gauzatzen diren jarduera ekonomikoei dagokienez, merkatuan lehia askearen eta gardentasunaren baldintzak sustatzea, bermatzea eta hobetzea du helburu.