Donostiako hainbat udal zerbitzuren prezio publikoak onartuta

0

Tokiko Gobernu Batzarrak onartu du zerbitzuak emateagatik edo udal-jarduerak egiteagatik prezio publikoak eguneratzea.

Hauek dira, besteak beste, eguneraketak izango dituzten zerbitzuak: Udal Errausketa Zerbitzua; Gazteentzako Udal Aterpetxeen Zerbitzuak, edo Gazteria Bulegoaren Zerbitzuak. Azken hauek Aste Santuan Haurtxokotan izaten den programa berezia edo haur eta helduentzat tailerrak eta ikastaroak barneratzen dituzte.

Nobedadeen artean, COVD19ak ekarritako osasun larrialdia zela eta diru-sarrerak gutxitu zizkien errenta txikiko familia unitateei ezarritako hainbat prezioren murrizketa kentzea dago. Halaber, Udalak egunez ematen zituen Sorospen Etxeko osasun zerbitzuei dagozkien prezioak kentzea adostu da, izan ere, 2020ko martxotik Policlinica de Guipuzcoa SA-ren bidez ematen ziren zerbitzuak emateari utzi zitzaizkion.

Era berean, Donostiako Hileta Zerbitzutik ematen diren zerbitzuen prezioak %19,55 handitzea proposatu da (Gorpua erraustea, Gorpuzkiak erraustea, Anputazioen fetuen eta jaioberrien errausketa).

Gainera, Gizarte Sustapen eta Hezkuntza Zerbitzuak proposatuta beste prezio publiko bat sortzea onrtu da, Aste Santuan Haurtxokoetan izaten den programa berezirako. Halaber, gizarte laguntzak jasotzen dituzten familiei ikastaroak eta tailerrak egiteko prezioak %15 murriztea onartu da. Eta tarteka izaten diren musika kontzertuetako eta Gazteen Antzerki Topaketako sarreren prezioak biribiltzea onartu da, eta ondorioz, kontzertu horien sarrerak 6 eurotan jarri dira, eta aldiz, Gazteen Antzerki Topaketako sarreak 3 eurotan.

Azkenik, gazteentzako udal aterpetxeen zerbitzuen prezio publikoei buruz, ostatuaren prezioa %3 handitu da, eta %8 bazkari eta afarien prezioak. Era berean, Ondarretako Gazte Aterpetxeari dagokionez, pretsona eta gau bakoitzeko finkatzen diren prezioetan ostatua eta maindireak sartu dira, beste ostatuetan jasotzen den bezala.

Garabi zerbitzua

Tokiko Gobernu Batzarrak onartu du Valoriza Servicios Medioambientales SA enpresari esleitzea Donostiako bide publikoan ibilgailuak kentzeko, ibilgetzeko, ibilgetzea kentzeko eta gordailutzeko zerbitzu publikoa xede duen kontratua.
Betetze-epea 3 urtekoa da, eta aurrekontua 1.049.474 eurokoa.

Aorga Kultur eta Kirol Elkartea

Tokiko Gobernu Batzarrak onartu du 30.000 euroko zuzeneko dirulaguntza bat ematea Aorga Kultur eta Kirol Elkarteari. Kopuru hau 100. urteurrena ospatzeko jarduerek eragindako defizitari dagokio.