Adinberrik zahartzearen arloko berrikuntzako lehen erosketa publikoa abiarazi du

0

Adinberri Fundazioak zahartzearen eremuan erosketa publiko berritzailea egiteko prozesu aitzindari bat abiarazi du.  Ekimen hau aitzindari gisa jarri da abian Gipuzkoan, Adinberri Fundazioak eta Eusko Jaurlaritzak joan den uztailean sinatutako hitzarmenaren esparruan. Hitzarmenaren helburua da Adinberri estrategiari bultzada esanguratsua ematea, “Oarsoaldean zenbait proiektu eragile garatuz eta ezarriz”. “Zainketa ereduaren aldaketa elkarrekin egitea da helburua, berrikuntza palanka eraldatzaile gisa hartuta, eta eredu berriaren gakoetan sakonduz: pertsonalizazioan, parte hartzean, komunitatean, berrikuntzan eta ebaluazioan”, laburbildu du Peñak.

Era berean, erosketa publikoko prozesua Aldundiak eta Adinberrik gidatzen duten Zaintza HerriLab estrategiaren barruan kokatzen da. Estrategia horren bidez, zaintzarako tokiko ekosistemak garatzen ari dira, adinekoei eta mendekotasuna duten pertsonei arreta eta zaintza eskaintzeko maila lokalean “anbizio handiko eta elkarlaneko”  sareak eta proiektuak sortzeko gai direnak.

Kontsulta publikoa eta lizitazioa

Zehazki, honako hau da merkatuari planteatutako erronka: “Ekosistema konektatu bat garatzea, telelaguntzaren bidez etxeko autonomia sustatzeko, iraupen luzeko zainketen esparruan”. Jardunaldian 82 erakunde, enpresa, startup, unibertsitate eta zentro teknologikok parte hartu dute, eta Aldundiko, Adinberriko eta Eusko Jaurlaritzako arduradunek prozesua zertan datzan eta eman beharreko hurrengo urratsak zeintzuk diren azaldu dute. “Jakin nahi dugu gaur egun zer irtenbide eta teknologia dauden merkatuan oinarri dituztenak hizketaren prozesamendua, gauzen interneta, analitika aurreratua, adimen artifiziala eta Big Data, eta elkarreragingarritasuna errazten duten teknologiak, horrela telelaguntza zerbitzuan aurrera egin ahal izateko”, azaldu du Rakel San Sebastianek, Adinberriko zuzendariak.

Berrikuntzaren erosketa publikoa da Administrazio Publikoak berrikuntza pertsonen zerbitzura jartzeko duen tresna nagusia, kasu honetan, beren etxeetan bizi diren eta telelaguntza zerbitzuaren erabiltzaileak diren adinekoen zerbitzura. Ildo horretan, 4P telelaguntza eredu bateranzko eraldaketa bultzatu nahi dugu (prediktiboa, pertsonalizatua, prebentiboa eta parte hartzailea) erabiltzaileak bere bizi prozesuaren etapa guztietan behar izan ditzakeen arreta eta laguntza beharretara hobeto egokitzea ahalbidetuko duena, San Sebastianek zehaztu duenez.

Gaur merkatuari egin zaion aurretiazko kontsultaren helburua da gaur egun merkatuan dauden irtenbide posibleak, horien heldutasun maila eta artearen egoera, erantzuteko gaitasuna, zerbitzuak eta abar ezagutzea. Prozesu hori, era berean, Adinberrik 2023ko lehen seihilekoan argitaratuko duen lizitazioa prestatzeko oinarri izango da, eta 800.000 euroko aurrekontua izango du zerbitzu horretan soluzio teknologikoak probatzeko.

Bestalde, Marian Olabarrieta Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako zuzendariak zehaztu duenez, proiektu pilotua lizitatu eta ebaluatu ondoren, Eusko Jaurlaritzak irtenbide horiek BetiOnen zerbitzuen katalogoan aplikatzeko aukera aztertuko du, aurrea hartzeko eta erantzun pertsonalizatua emateko aukera emango digun telelaguntza eredu prediktiborako bidean aurrera egiteko eta, horrela, adinekoen bizi kalitatea hobetzeko eta haien autonomia eta etxean bizitzen jarraitzea sustatzeko