Eusko Jaurlaritzak eutsiko dio Nazio Batuetako larrialdietan erantzuteko funtsa zentralarekin duen konpromisoari

0

Euskadiren Estatu Batuetako ordezkariak, Unai Telleriak, Nazio Batuetako Gai Humanitarioak Koordinatzeko Bulegoak (OCHAk) antolatutako CERF High-Level Pledging Event: A Fund for all by all ekitaldian parte hartu zuen New Yorken. Bere interbentzioan, Telleriak iragarri zuen Eusko Jaurlaritzak 200.000 euro emango dizkiola funtsari 2023an.

Testuinguruen konplexutasuna eta krisi humanitarioek sortutako premia ugariak kontuan hartuta, Euskadi larrialdiei erantzun eraginkorragoa eta koordinatuago ematearen alde dago. Horregatik, hain zuzen, eLankidetza-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak –Eusko Jaurlaritzako politika humanitarioa kudeatzen duen erakundeak eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako  sailean dagoena– 700.000 euroko laguntza eman dio Nazio Batuetako Larrialdietan Erantzuteko Funtsa Zentralari (CERFari) 2019tik geroztik.

Ekitaldian, Nazio Batuetako Idazkari Nagusia António Guterres buru zela, Telleriak gogorarazi zuen azken 32 urteetan Eusko Jaurlaritzak, “100 milioi euro baino gehiagoko 500 ekimen inguru babestu ditu Palestinan, Kongoko Errepublika Demokratikoan, Saharan, Kolonbian edo Erdialdeko Amerikan”, horietako asko Europar Batasunaren arabera ahaztutako krisiak direlarik.

Berehalako erantzuna eta eraginkorra

eLankidetzak ekintza humanitarioan egiten duen apustuetako bat larrialdiei berehalako erantzuna ematea da. Horregatik, hain justu, urtero ekarpen ekonomikoak egiten ditu nazioarteko deialdietara edo CERF bezalako funts globaletara. Helburua da bizitzen galera murrizteko erantzun azkarra ematea, denbora faktore kritikoa denean erantzuteko gaitasuna hobetzea eta finantzaketa eskasa duten egoeretan erantzun humanitarioa indartzea.

2022an, CERF 48 ordu baino gutxiagotan erantzuteko gai izan da gerrek eta gatazka armatuek eragindako larrialdi humanitarioei, krisi klimatikoaren edo COVID-19aren eraginaren ondoriozko hondamendiei, besteak beste, 40 herrialdetan. Horrela, Ukrainako biztanleria artatu zuen inbasioa hasi zen egun berean eta lagundu du Etiopia, Kenya, Nigeria, Somalia, Hego Sudan, Sudan, Afrika Erdiko Errepublika, Yemen edo Saheleko biztanleek paratzen ari diren goseteak murrizten. Era berean, Kubari laguntza humanitarioa eman dio Ian urakana igaro ondoren, eta laguntza aurreratu dio Nepali, urtero dauden uholdeen ondorioei aurre egiteko.