Larrialdietako proba diagnostikoen eskaeran egokitzapena hobetzen laguntzen duen app bat garatzea

0

Azken urteotan, irudi-teknika aurreratuak neurririk gabe erabili dira larrialdietako zerbitzuetan. Espero izatekoa da hori, erradiazio ionizatzaile, tomografia konputarizatu eta erradiografia sinple bidezko irudi-tekniken garapenean aurrerapen esponentziala gertatu delako. Aurrekoaz gain, pazienteek gero eta gehiago eskatzen dute laguntza indibidualizatua, eta defentsa-medikuntzaren helburua, hain justu ziurtasun diagnostikoa da.

Alabaina, halako teknikak gehiegi erabiltzeak ez du agerian utzi emaitza klinikoetan hobekuntza objektiborik jazo denik, eta osasun-kostuak beharrik gabe handitzea eta erradiazioarekiko gehiegizko esposizioa eragiten du. Begi-bistakoa da hainbat elkarte zientifikok eta erradiologiako elkargo profesionalek ahalegin handia egin dutela jardunbide kliniko egokietarako gomendio-gidaliburuak sortzeko eta irudi-proben eskaerak kasu kliniko zehatzetarako egokitzeko.

Biocruces Bizkaia Institutuaren Larrialdietako Ikerketa Taldeak eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak MAPAC (Sorospen eta Klinika Jardunbidearen Egokitzapenaren Hobekuntza) ekimenean parte hartzen dute 2012az geroztik hona, Ramón y Cajal Unibertsitate Ospitalearekin, Puerta de Hierro-Majadahonda Unibertsitate Ospitalearekin, Madrilgo La Paz Ospitalearekin, CIBERESPekin, Alcaláko Unibertsitatearekin eta aurreko ospitaleekin lotutako osasun-ikerketako institutuekin batera. MAPACen helburu orokorra zera da, efikazia edo eraginkortasunik frogatu ez duten, onura/kostuen balantze kaltegarria duten edo alternatiba hobeak dituzten praktika klinikoak murriztea, sorospenaren kalitatea mantenduta baina kostuak murriztuz.

Larrialdietako zerbitzuan tomografia konputarizaturako eta erradiografiarako eskabidean egokitzapena hobetzeko gomendioak ezartze aldera, hainbat fase planifikatu ziren:

  1. Larrialdietako zerbitzuan tomografia konputarizatuaren eta erradiografia sinplearen erabilgarritasunari buruzko ebidentzien analisi sistematiko eta kritikoa.
  2. DELPHI metodologiaren bidez gomendioak sortzea, premiazko egoera kliniko garrantzitsuenetan azterketa erradiologikoa egin behar ote den erabakitzeko.
  3. Gomendioen gidaliburua betearaztea, alderdi anitzeko estrategia baten bidez. Estrategia horrek erabakiak hartzen laguntzeko sistema automatikoa –eskabideen sisteman integratua– barne hartzen du.
  4. Esku-hartzearen eraginaren ebaluazioa azterketa ia esperimental baten bidez (lehenago/geroago), eskabideen maiztasun eta errentagarritasun diagnostikoaren aldaketak zehazteko.

Diagnostiko-algoritmoen emaitzekin, SERAUk (Espainiako Larrialdietako Erradiologia Elkartea) eta SERAMek (Espainiako Erradiologia Medikoaren Elkartea) abalatutako bi liburu argitaratu ziren. Biak ala biak sarrera librekoak dira eta esteka honen bidez eskatu daitezke.

Android eta iOS sistema eragileetarako deskarga libreko app bat ere garatu da, jabetza intelektual gisa erregistratu dena Biocruces Bizkaia Institutuko Berrikuntza Unitateei eta beste institutu batzuei esker.

MAPAC-Imagen appa jada eskuragarri dago Android eta iOS sistema eragileetan MAPAC-DX-Urgencias izenez.