Eusko Jaurlaritzak 1,7 milioi euro bideratuko ditu gizarte-bizitzan euskara sustatu, garatu edota normalizatzeko

0

Gobernu Batzordeari, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak proposatuta,  gizarte-bizitzan euskara sustatu, garatu edota normalizatzeko dirulaguntzak emateko araubidea ezarri eta deialdia egiteko den Aginduaren berri eman zaio. “Euskalgintza” izeneko deialdi honetarako 1.704.000 euro bideratuko dira, iaz baino 154.000 euro gehiago, lagundu daitekeen egitasmo mota berri bat gehitu baita, ingurune digitalaren eremuan ikus-entzunezkoak sortzea eta zabaltzea helburu dutenak, alegia.

Honako hauek dira diruz lagundu daitezkeen egitasmoak:

  • A multzoa: 650.000 euro bideratuko dira esparru ez formaletako lau motatako proiektuak laguntzera:
    • A1 (300.000 euro): Euskararen erabilera areagotu eta sendotzeko esparru ez formaleko egitasmoak, bereziki nerabe eta gazteen aisialdiko gune monitorizatuetan, hau da, kirolean, kulturan eta aisialdi taldeetan antolatzen direnak.
    • A2 (75.000 euro): Aisialdiko hezitzaile, dinamizatzaile edota begiraleei begira, euskarazko eta euskarari buruzko prestakuntza eta material-sorkuntza, batik bat, haur eta gazte taldeetan euskararen ahozko erabilera dinamizatzeko estrategiak edota gazteen hizkuntz gaitasuna sendotzeko esku-hartzeak.
    • A3 (125.000 euro): Kiroletako begirale edota entrenatzaileentzako euskarazko eta euskarari buruzko prestakuntza eta material-sorkuntza.
    • A4 (150.000 euro): Euskararen erabilera soziala sustatzearekin eta euskarazko ahozko komunikazioa hobetzearekin zuzeneko lotura duten jarduerak. Lehenetsiko dira mintzapraktika lantzeko egitasmoak eskola eremuan, betiere, curriculum esparrutik eta gelatik kanpo.
  • B multzoa (125.000 euro): Euskaldunen artean euskararen erabilera areagotu eta sendotzeko asmoz, gizarte aktibazioaren bidez, hizkuntza-ohiturak aldatu eta hiztunak aktibatzera bideratutako programak, ekintzak eta jarduerak.
  • C multzoa (50.000 euro): Euskaraz ez dakiten euskal herritarrak eta etorkinak euskarara hurbiltzeko helburua duten jarduerak eta egitasmoak.
  • D multzoa (754.000 euro): Euskara Ingurune digitalean lagundu daitezkeen proiektuak hiru taldetan banatuta daude:
    • D1 (150.000 euro): Teknologia berrietan oinarrituta, nerabe eta gazteen aisialdirako euskarazko edukiak sortu eta hedatzea helburu duten egitasmoak.
    • D2 (54.000 euro): Euskarazko atari digitalak. Interneten zerbitzuak euskaraz soilik eskaintzen dituzten web-gune ez komertzialak.
    • D3 (400.000 euro): Interneten edukiak euskaraz soilik hedatuko dituzten web-gune tematiko ez komertzialak.
    • D4 (150.000 euro): Ikus-entzunezkoak sortzea eta zabaltzea helburu duten egitasmo kolaboratiboak.
  • E multzoa (35.000 euro): Euskararen familia bidezko transmisioa sendotzea helburu duten egitasmoak.
  • F multzoa (40.000 euro): Euskarari zuzenean lotutako alderdiak aztertzea helburu duten jardunaldiak.
  • G multzoa (50.000 euro): Euskaraz irakurtzeko zaletasuna sustatzea helburu duten egitasmoak: irakurketa- eta idazketa-trebetasunak garatze aldera buruturiko jardunak, sariak, lehiaketak, idazleen eta irakurleen arteko topaketak eta literatura-gidak.

Interesa dutenek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epea izango dute beraien eskaerak eta proiektuak aurkezteko.

Iazko deialdian Kultura eta Hizkuntza Politika sailak 185 proiektu lagundu zituen. Dirulaguntza jaso zuten proiektuen artean besteak beste, honako hauek daude: Egin jolas bertsoagaz, Bizilabe, gazteentzako ikerketa-zentroen sarea, Aisialdiko hezitzaileen soziolinguistika formazioa, Haur eta nerabeen kirol jardueretarako entrenatzaile eta arduradunentzat baliabideen gida, Gurean Murgilduz, Mintzanet,…