Eusko Jaurlaritzak Euskadiko museo eta bildumak diruz laguntzeko milioi bat euroko dirulaguntza deialdia onartu du

0

Gobernu Kontseiluak Euskadiko Museo eta Bildumen Erregistroan inskribatutako museo eta bildumentzako dirulaguntza deialdia onartu ditu gaur. 1.000.000 euroko partida izango da, honako jarduera hauek finantzatzeko:

  • Bilduma osatzen duten funtsak katalogatzea eta dokumentatzea.
  • Erakusketa iraunkorra berritzea eta aldi baterako erakusketak antolatzea.
  • Jarduera didaktikoak eta kultura-hedapenekoak diseinatzea eta eskaintzea, gaiaren eta jardun-eremuaren arabera.
  • Gaiari eta jardun-eremuari lotutako ezagutza sortzea.
  • Museoaren kudeaketan eta hedapen- eta komunikazio-planean berrikuntza hobetzea eta bultzatzea.

Interesa duten pertsona fisiko eta juridikoek Euskadiko Museo eta Bildumen Erregistroan inskribatuta egon beharko dute. Era berean, ezin izango dira deialdi honetara aurkeztu honako hauek:

  • Foru-titulartasuna duten museoak edo bildumak.
  • Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak gobernu-organoetan parte hartzen duen fundazioak.
  • Euskadiko Administrazio Orokorraren partaidetza duten merkataritza-erakundeak.
  • Helburu bererako diru-laguntza izendunak jasotzen dituzten museoen eta bildumen erakunde titularrak.
  • Banku-fundazioen edo finantza-erakundeen partaidetza nagusia duten erakundeak.

Diruz lagundutako jarduerak 2023an hasi eta amaitu beharko dira. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Iaz, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 46 dirulaguntza eman zizkien museo eta bildumei, besteak beste, Albaola Elkarteari, Itsas Gela Elkarteari, Bilboko Euskal Museoari, Makina Erremintaren Museoari eta hainbat udal museori.