Eusko Jaurlaritzak 20.000 euro emango dizkio Zaporeak elkarteari, Siria eta Turkiako lurrikarak jasan ondoren elikagaiak garraiatzeko gastuak ordaintzeko

0
  • Zaporeak GKEak aurtengo otsailean elikagaiak biltzeko kanpaina jarri zuen abian Euskal Herrian eta Nafarroan
  • 120.000 kg premiazko elikagai bidali ziren errefuxiatu-eremuetara 

Gobernu Kontseiluak gaur 20.000 euroko zuzeneko diru-laguntza onartu du, Zaporeak Solidarios Garapenerako Elkarteari elikagaiak Siriako eta Turkiako azken lurrikarak eragindako eremuetara bidaltzeko egindako garraio-gastuak ordaintzeko.

Otsailaren 6an gertatutako lurrikarek 42.000 heriotza baino gehiago eragin zituzten, 85.000 zauritu baino gehiago eta milaka desagertu Siriako eskualdean eta mugan, milaka pertsona etxerik gabe eta zaurgarritasun handiko egoeran utzita.

Bizi-baldintza ahulak, bereziki Sirian, areagotu egin ziren 11 urte baino gehiago iraun zuen gatazka armatu baten ondorioz, misilek eta goseak suntsitutako lurralde bat utzita. Lurrikara haiek larriagotu egin zuten gerratik eta beldurretik ihesi zebiltzan errefuxiatuen egoera.

Zaporeak GKEak otsailean janari bilketa jarri zuen martxan Euskal Herrian eta Nafarroan. Horri esker, 120.000 kg premiazko elikagai (lekaleak kontserban, arroza, pasta, arraina kontserban, esnea) bidali zituzten Siriako errefuxiatuen esparruetara.

Larrialdietan laguntza ematen duten erakundeei laguntza emateko beharraz jabeturik, Gobernuak erabaki du funts horiek esleitzea, Zaporeak GKEak kaltetutako pertsonei elikagaiak garraiatzearen kostuak ordainduko dituela bermatzeko.

Hala, Eusko Jaurlaritzak berretsi egin du elkartasunarekiko eta nazioarteko lankidetzarekiko konpromisoa, krisi humanitario hauetan. Zaporak elkarteari laguntzeko funtsen esleipena, hondamendi naturalek eta mundu osoko gatazkek eragindako pertsonen sufrimendua arintzen laguntzeko horren determinazioaren erakusgarri garbia da.