Gobernu Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko telelanari buruzko Dekretua onartu du

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua
  •  Dekretu honek aukera ematen die administrazio publikoaren sektore guztietako enplegatu publiko gehiagori telelana egiteko 

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du EAEko sektore publikoko langile guztientzat telelanaren formula arautuko duen Dekretua. Dekretu honek erreferentziazko gutxieneko komun batzuk jasotzen ditu, eta, ondoren, sektore eremu bakoitzaren berezitasunetara egokitu beharko dira.

Proiektu honen aurrekari gisa, telelanaren erregulazio aitzindari bati ekin zitzaion, maiatzaren 29ko 92/2012 Dekretuaren bidez. Dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako enplegatu publikoentzako telelana arautu zuen, modu egokian, eta gaur egun 900 langile publiko baino gehiago ari dira telelanaren onuradun izaten.

Hori dela eta, Dekretu honek aukera ematen die orain telelanaren modalitatean sartzeko administrazio orokorreko, erakunde autonomoetako, sektoreetako (Hezkuntza, Osasuna, Segurtasuna eta Justizia) eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoetako, sozietate publikoetako eta sektore publikoko fundazio eta partzuergoetako enplegatu publiko gehiagori.

Dekretuak, oro har, telelaneko bi lanaldi osoko modalitate bati heltzen dio astean, eta zabalik uzten du lanaldi horiek luzatzeko aukera, sektore bakoitzaren berezitasunen arabera. Aldaketa hori, hala badagokio, ondoren garatuko da, sektore eremu bakoitzeko negoziazio kolektiboko mahaian.

Telelana borondatezkoa eta itzulgarria izango da, baina langileak lantokian duen presentzia fisikoarekin bakarrik bermatzen diren lanpostuak ezin izango dira modalitate horren bidez gauzatu.

Era berean, sektore bakoitzean telelanaren jarraipen batzorde bat sortuko da, lan modalitate hori kontrolatzeko eta gainbegiratzeko.