Osakidetzak ukatu egin du erizainak kontratazio-zerrendetatik kanpo utzi izana, titulaziorik ez dutela argudiatuta

0

Izena emateko legezko izapideak garaiz eta behar bezala egin ez zituztenak bakarrik geratu dira zerrenda horretatik kanpo. Pertsona horiek, orain, hilabete bat dute gora jotzeko errekurtsoa aurkezteko

 

 

Erizain bat bera ere ez da baztertu Osakidetzako kontratazio-zerrendetatik, profesional horrek titulaziorik ez duela argudiatuta. Horrela, Euskal Osasun Zerbitzu Publikoak irmoki gezurtatzen du SATSE sindikatuak gaur bertan egindako baieztapena, eta sindikatu horri erantzuten dio zerrenda horretatik kanpo geratu direnak ezarritako legezko inskripzio-izapideak garaiz eta behar bezala bete ez zituzten profesionalak direla, eta orain, profesional horiek hilabeteko epea dutela gora jotzeko errekurtsoa aurkezteko, inskripzioa egoki egin zutela uste badute.

Osakidetzak gogorarazi du kontratazio-zerrendak etengabe irekita daudela, eta izangaiak bertan sartzeko epeak eta prozesuak araututa dituztela, Osakidetza – Euskal Osasun Zerbitzua Erakunde Publikoaren Administrazio Kontseiluak 2021eko uztailaren 21ean aldi baterako kontratazio-zerrendak egin eta kudeatzeko hartutako Erabakian ezarritakoaren arabera.

Horrela, eskatutako izapideak behar den epean eta moduan egin ez dituzten pertsonak baztertutakoen zerrendan agertuko dira, arrazoi horregatik; baina horrek ez du esan nahi titulazioari dagokion baldintza betetzen ez dutenik.

Hala ere, Osakidetzak argitu du bazterturik agertzen den pertsona orok, baldintzak eta merezimenduak garaiz eta behar bezala alegatu dituela uste badu, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango duela hilabeteko epean, zerrenda eguneratuak eta/edo integratuak argitaratzen direnetik zenbatzen hasita. Era berean, baztertuta geratu den pertsona batek berriro inskribatzeko aukera izango du.

 

 

 

    OSAKIDETZAN ABIAN DAUDEN BESTE ENPLEGU-PROZESU BATZUK

 

Kontratazio-zerrendetan izena emandako langileak eguneratzeko eta integratzeko prozesu horretaz gain, Osakidetzan pertsonak hautatzeko eta hornitzeko beste hainbat prozesu garatzen ari dira aldi berean: 2018-19ko Enplegu Eskaintza Publikoa, 2020-21-22-Egonkortzeko Enplegu Eskaintza Publikoa, eta langile finkoen Lekualdatze Lehiaketa Irekia eta Iraunkorra.

Enplegu Eskaintza Publikoen prozesuak eskakizunak eta merezimenduak baliozkotzeko dokumentazioa entregatzeko fasean daude.  Ekainaz geroztik pixkanaka-pixkanaka argitaratu dira 2020-21-22-Egonkortzeko Enplegu Eskaintza Publikoan onartutako eta bertatik kanpo geratu diren pertsonen behin betiko zerrendak, baita 2018-2019ko Enplegu Eskaintza Publikoko lanpostua hautatzeko aukera duten izangaien behin-behineko zerrendak ere.

Lekualdatze Lehiaketa Ireki eta Iraunkorreko prozesuan parte-hartzea ere pixkanaka egiten ari da, dokumentazioa mailaka aurkeztea errazteko. Dokumentazio guztia irailean entregatuta egongo dela uste da.

Kontratazio-zerrendei dagokienez, dagoeneko zerrendak osatzen dituzten pertsonen esperientzia eta euskararen hizkuntza-eskakizuna eguneratzen ari dira. Era berean, ekainaren 30era arte egindako inskripzio berriak integratzen ari dira.