EGEF funtsak Ertzaintzaren Getxoko ertzain-etxearen eraginkortasun energetikoaren hobekuntza finantzatzen du

0
Eusko Jaurlaritzak eraikin publikoetan energia-eraginkortasuna eta energia berriztagarriak sustatzeko duen estrategiaren barruan, Segurtasun Saileko Kudeaketa Ekonomikoaren eta Baliabide Orokorren Zuzendaritzak Ertzaintzaren Getxoko ertzain-etxea eraberritu eta handitu du, eta esku-hartze horretan ohikoak baino eraikuntza-sistema eta -elementu eraginkorragoak txertatu dira. Eragiketa hori ekipoen eta instalazioen eraginkortasuna hobetzean oinarritu da, eta energia berriztagarriak garatzea, energia primarioaren urteko kontsumoa murriztea, berotegi-efektuko gasen (BEG) emisioa murriztea eta ekonomia berderako trantsizioan laguntzea ahalbidetu du.
Alde batetik, Getxoko ertzain-etxean erabilitako eraikuntza-sistemek (fatxada aireztatuak, azken belaunaldiko arotzeriak argoi gasdun kristalekin, landare-estalkia, instalazioen kontrol-sistema zentralizatua…) hobetu egiten dute eraikinaren erreakzio pasiboa kanpoko eta barruko agenteen aurrean. Bestetik, energia berriztagarrien garapena planta fotovoltaiko batean, geotermia-instalazioan eta aerotermia bezalako energien integrazioan, kotxe elektrikoetarako kargagailuak jartzean eta azken belaunaldiko klimatizazio-ekipoak hedatzean gauzatu da.
Zehazki, energia berriztagarriaren ekoizpena instalazio fotovoltaiko batean oinarritzen da, zuzeneko autokontsumorako, 42.000 W-eko ahalmenarekin; entalpia baxuko sistema geotermiko batean (lurpeak beroa metatzeko eta urte osoan tenperatura konstante samarra mantentzeko duen ahalmenean oinarrituta), eta geotermiadun bero-ponpa batean, eraikinak eskatzen duen potentziaren % 60 estaltzeko gai dena. Bestalde, ekipoen, arotzerien eta inguratzaileen hobekuntzei esker, urtean 388.614,24 kWh gutxiago kontsumituko da energia primarioaren urteko kontsumoan (ia % 82 gutxiago), eta sistema berriek berotegi-efektuko gasen isurketak urtean 202 tona inguru (CO2) jaistea ahalbidetuko dute.
Segurtasun Saileko Kudeaketa Ekonomikoaren eta Baliabide Orokorren Zuzendaritzaren esku-hartzea EAEko 2014-2020 EGEF Programa Operatiboaren 20. ardatzean (REACT-UE) finantzatu da, «Covid-19aren pandemiaren eta haren ondorio sozialen testuinguruan krisia konpontzen laguntzeko, eta ekonomiaren berreskurapen berde, digital eta erresiliente bat prestatzeko», REACT-UE 4 Helburu Espezifikoan, «Ekonomia berderako trantsizioan laguntzen duten inbertsioei laguntzea». Ertzaintzaren Getxoko ertzain-etxea eraberritzeko eta handitzeko kostua 8,5 milioi euro baino gehiagokoa izan da. Horietatik, energia-eraginkortasunari eta energia berriztagarriei dagokienez, diruz lagundu daitekeen kostu osoa 1,5 milioi ingurukoa izan da, eta Europar Batasunak % 100ean finantzatu du Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) bidez.

Ekintza horri esker, energia-eraginkortasuna hobetu da, energia berriztagarriak garatu dira eta energia-kontsumoa eta CO2 emisioak murriztu dira.

REACT-UE 4 helburu espezifikoak ekonomia berderako trantsizioan laguntzen duten inbertsioei laguntzea du helburu; zehazki, eraikin publikoetako energia-eraginkortasunaren eta energia berriztagarrien arloko jarduketetan, klima-helburuak eta ekonomia berderako trantsizio-helburuak betetzen laguntzeko. Europako funtsen ekarpena, helburu espezifiko horretan bildutako gastuaren baterako finantzaketaren bidez, funtsezkoa izan da ekonomiaren berreskurapen berde, digital eta erresilientea prestatzeko (REACT EB).