Lehoiak zuzendu dituen estreineko urtean lortutako emaitzen ostean, entrenatzaile zuri-gorriak Klubean beste denboraldi berri bat batuko du
David Aznar emakumezkoen lehen taldeko entrenatzaileak eta Athletic Clubek akordioa lortu dute euren arteko lotura denboraldi batez luzatzeko. Entrenatzaileak lan eskerga egin du bere debuteko urtean lehoiekin: bi jardunaldiren faltan, seigarren postuan du taldea, taldearen trantsizioan eragin aparta izan du, joan den udan iritsi zenean ezarritako helburuak aise bete ditu eta Liga F-ko hamaikako gazteena zelairatzeko ausardia erakutsi du. Sinadura Ibaiganen izan da, Jon Uriarte presidentea eta Xabier Arrieta kirol-zuzendaria bertan zirela.
Talaverako entrenatzaileak Lezama gotorleku bihurtzea erdietsi du. FC Barcelonak bakarrik lortu ditu puntu gehiago etxean; izan ere, Athleticek orain arte Lezaman jokatutako 14 partidetatik 11 irabazi ditu. Zuri-gorriek sailkapeneko goikaldean kokatzeko sekulako bigarren itzulia osatu dute. Azken 15 jardunaldi horietan, Davi Aznarrek zuzendutako taldeak puntu gehien batu dituen hirugarrena izan da. Hori gutxi balitz, Kopan ere ibilbide bikaina gauzatu du Athleticek: Granada CF, Madril CFF eta UDCA Tenerife kanporatu ondoren, finalerdietan FC Barcelonaren aurka kanporatua izan zen.
Lezamako aulkian egin duen estreinaldian, David Aznarrek trantsizioa arrakastaz gidatzea lortu du eta oraindik beste bi data esanguratsu ditu denboraldia birbiltzeko. Lehenik, asteburu honetan, Real Madriden aurka lehiatuko da, eta, ekainaren 16an, igandean, 17:00etan San Mamesen, Sevilla FCren aurka bigarren itzulia etxean galdu gabe bukatzea eta Madrid CFF bosgarren sailkatua den taldea sailkapenean gainditzen saiatuko da.
Teknikari zuri-gorria pozik agertu da kontratua berritu duen unean: «Hona etorri nintzen lehen egunetik Klubaren harrera bikaina izan da, oso pozik nago nagoen tokian eta, egia esan, irrikaz nago beste denboraldi batez hemen jarraitu ahal izango dudalako. Athletic Clubi buruz hitz egiten dizutenean, oso Klub familiarra dela pentsatzen duzu, baina iristen zarenean konturatzen zara benetan zer balio eta zer garrantzitsua den. Pribilegiatua sentitzen naiz aurten ere kamiseta hau defendatzeagatik eta kirol arloan daukadan unerik onenetako batez gozatzen jarraitzeagatik. Asko hunkitu nau hemen egoteak, Lezama zer den bizitzeak, jendearekin konektatzeak eta ilusio handia eragiten dit daukagun jokalari taldeak eta proiektuak«.
Entrenatzaileak prentsaurrekoa eskainiko du bihar, ostirala, Lezamako prentsa aretoan 12:30ean komunikabideentzat, igandean Real Madrilen aurka Valdebebasen jokatuko duten partidaren atarikoan.






