Bizkaiko Aldundiak artisau-sektoreari ematen dion laguntza indartu du

0

Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailak lurraldeko artisau-sektorea indartzea bultzatzen du Artisautza Sustatzeko Programaren bidez. Programa honek berriz ere hazkundea izan du 2024an, bai eskaeren kopuruari dagokionez, bai erakunde onuradunei dagokienez. Aurten 370.000 euroko laguntzak banatu dira: 282.027,83 euro eman dira artisauei eurei laguntzeko, eta 88.065,16 euro elkarteentzat izan dira.

Hala, aurten, 100 artisau-erakundek, hau da, Bizkaiko Foru Aldundiko Artisauen Erregistroan inskribatutako 169 entitateen % 59k, 282.027,83 euroko dirulaguntzak jaso dituzte. Onuradun horietatik 87 banako enpresaburuak dira, eta gainerakoak, berriz, enpresak, sozietate zibil bat eta ondasun-erkidego bat dira. Gainera nabarmentzekoa da sektorean emakumeen presentzia handia dagoela, erakunde horietako enplegatuen % 70 emakumeak baitira.

Bizkaiko artisau-sektoreak merkatuaren eskaeretara egokitzeko duen dinamismoa eta gaitasuna erakusten du. Digitalizazio gero eta handiagoa, sustapenaren eta online salmentaren hazkuntzan islatzen dena, kudeaketaren profesionalizazioa, makineriaren eta tresneriaren erosketa, azoketan parte hartzearekin batera, funtsezko elementuak dira sektorearen lehiakortasunerako. Izan ere, artisauei emandako zuzeneko laguntzen % 80 esparru horiek indartzera bideratu da.

2024an Bizkaiko Foru Aldundiak laguntza estrategikoa eman die artisautza-azoka eta -ekitaldiei  Arbasok, Euskal Herriko Artisautza Tradizionala Sustatzeko Elkarteak, antolatutako hiru azoka diruz lagunduz. Ekitaldi horiek funtsezko erakusleiho bihurtu dira Bizkaiko artisau-produktuak merkaturatzeko. Honako hauek dira:

–      Eskuartie, Bilboko Udaberriko Artisautza Azoka: 22.828,79 euro.

–      Euskaldenda, Euskal Artisautza Sektorearen Azoka: 20.236,37 euro.

–      Gabonart, Bilboko Gabonetako Artisautza Azoka: 45.000 euro.

Azken horren hamabigarren edizioa abenduaren 13an inauguratu zen Bilboko Areatzan. Azoka urtarrilaren 5era arte egongo da zabalik eta 54 artisautza-profesionalek parte hartuko dute.

Bizkaiko Foru Aldundiak artisau-sektorearen aldeko apustuari eusten dio, enpleguaren, tradizioaren eta modernizazioaren eragile delako, eta hazkundea eta erresilientzia indartzeko tresnak jartzen ditu sektorearen eskura.