Plan horren helburua hirigintza integrazioa eta trenak eremuan duen inpaktu bisual eta akustikoa murriztea da
Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailak, Euskal Trenbide Sarearen bitartez, 424.983 euroan esleitu dio Eptisa Cinsa ingeniaritza-enpresari Errenteriako Galtzaraborda eremuan trenbidea integratzeko eraikuntza-proiektuaren idazketa. Epea 12 hilabetekoa izango da. Trenbideak estaltzeak murriztu egingo du trenak eremu horretan duen inpaktu bisuala eta akustikoa.
Azken urteotan, Susana García Chuecak zuzentzen duen sailak Donostia-Hendaia trenbidea bikoizteko proiektua bultzatu du. Plan hori ondoz ondoko tarteetan gauzatu da, linearen ahalmen operatiboa handitzeko eta, ondorioz, Donostialdeko eremu metropolitarreko trenbide-eskaintza hobetzeko.
Herrera eta Altza arteko tartea 2016aren amaieratik dago martxan. 2021eko azaroan hasi ziren Altza-Galtzaraborda segmentuko obrak, eta amaitzen direnean tren zerbitzuaren eraginkortasuna hobetzea ekarriko du.
Horrela, esleitu den proiektuak hiri-integrazioari heltzeko estaldura mota zehaztu behar du, bai eta obrek sortutako trenbide-lubakia egokitu ere, Altza-Galtzaraborda tarteko tunelaren irteeratik auzoaren izena daraman geltokiraino. Neurri horrek inguruko inpaktu bisuala eta akustikoa murrizten lagunduko du. Halaber, Alaberga auzoaren eta Galtzarabordaren beheko aldearen arteko iragazkortasuna erraztuko du.
Testuinguru honetan, Mugikortasun Jasangarriaren Sailak Errenteriako trenbide-pasagunea kentzeko eraikuntza-proiektuaren idazketa esleitu du orain dela gutxi, 348.500 eurotan eta 10 hilabeteko egikaritze-epearekin. Kasu honetan, plana udalerriko segurtasuna hobetzeko premiatik dator, etorkizunean trenen maiztasunak handitzea aurreikusten baita.