FEIko zuzendariak sektore traktore berrien garapena ulertzeko eta laguntzeko gai den finantza-ekosistema baten garrantzia nabarmendu du

0

Amaia del Villarrek arriskuak partekatzeko eta proiektu estrategikoak bizkortzeko lankidetza publiko eta pribatuaren garrantzia azpimarratu du Basquefik III.

Bilbon izan da ostegun honetan Basquefik III. Topaketa, Deustuko Unibertsitateko CRAIn zuzendariak, finantza arduradunak eta inbertitzaileak bildu dituena 2030erako euskal ekonomiaren arriskuei eta aukerei buruz hausnartzeko. Foroan, Finantzen Euskal Institutuko (FEI) zuzendari nagusiak, Amaia del Villarrek, «Kapitalaren aurretik: aurrea hartu, prestatu eta aukera detektatu» mahai-inguruan parte hartu du. Bertan, finantza-ekosistemak proiektu oso berritzaileei laguntzeko dituen erronka nagusiei heldu die.

Bere hitzaldian, Del Villarrek Multiverse Computing enpresaren kasua hartu zuen erreferentziatzat, osagai teknologiko handia duen euskal enpresa, ekosistemak teknologia konplexua finantzatzeko orduan dituen mugak identifikatzeko.

Lehenik eta behin, IVFko zuzendariak ulermen-gabezia nabarmendu zuen. «Kontua ez da soilik hobeto azaltzea, baizik eta hizkuntzen artean itzultzea». Azaldu zuenez, teknologiaren ulermena funtsezkoa da finantzaketa egokia lortzeko.

Identifikatutako bigarren muga arriskua ulertzeko eta sailkatzeko modua izan zen. Adierazi zuenez, enpresa teknologiko asko negozio-eredu tradizionalen berezko metrikekin aztertzen dira oraindik ere. «Batzuetan konplexutasuna zigortzen da, baina konplexutasun hori da, hain zuzen ere, sarrerako oztopo nagusia», ohartarazi zuen.

Hirugarren ardatz gisa, Del Villarrek ekosistemako eragileen arteko koordinazioaren beharra azpimarratu zuen. Kapital pribatua, sektore publikoa, bezero traktore handiak, funtsezko hornitzaileak, erregulatzaileak… hobeto aritzen dira «koreografia partekatuarekin». Zatiketak, aldiz, sistemaren eraginkortasuna murrizten du eta laguntza finantzario eta estrategiko koherentea zailtzen du.

Diagnostiko horren aurrean, FEIko zuzendari nagusiak sektore publikoak eragile katalizatzaile gisa duen zeregina defendatu zuen. Esparru horretan kokatu zituen Euskal Finantza Aliantza edo Euskadi Eraldatuz 2030 plana bezalako ekimenak, finantza-tresna hibridoak, malguak eta osagarriak abian jartzeko sortuak, lankidetza publiko eta pribatuan indar handia jarriz.

Del Villarrek bere hitzaldiaren amaieran adierazi zuen benetako erronka proiektu estrategikoak ulertzeko, laguntzeko eta horiei balioa emateko gai den merkatua eraikitzea dela, haren anbizioa geldiarazi gabe eta lurraldean errotzea arriskuan jarri gabe.

III. Basquefik Topaketa sendotu egin da, eta hausnarketa estrategikorako gune bat ere bai, enpresen finantzaketaren, hazkundearen eta integrazioaren erronkei aurre egiteko, ziurgabetasunak, aldaketa teknologikoak eta epe luzerako ikuspegiaren beharrak markatutako ingurune batean.