Eusko Jaurlaritzak bere lidergoa indartu du datu irekien eta gardentasunaren alorretan

0
  • Gardentasun Legearen onarpena aurrerapauso garrantzitsua izango da administrazio irekiago, gardenago eta parte-hartzaileago baterantz egiteko, kalitate demokratikoa indartuz
  • 2025ean informazio publikoa eskuratzeko 309 eskaera jaso ziren, eta erantzuteko batez besteko epea 27,05 egun naturalera murriztu zen
  • Open Data Euskadik 14.860 datu-multzo ditu dagoeneko, foru aldundietako eta udaletako datuak gehitu ondoren

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburu Maria Ubarretxenak Euskadiko Administrazio Orokorrean eta haren sektore publikoan gardentasunaren ezarpen-mailari buruzko 2025eko balantze-txostena aurkeztu du gaurko Gobernu Kontseiluan.

Txostenean adierazten da herritarrek hainbat kanal dituztela informazio publikoa eskuratzeko edo beren informaziorako eskubidea baliatzeko, besteak beste, Gardena gardentasun-ataria, Legegunea ataria, Irekia, Euskadi.eus, Open Data Euskadi edo kontratazio publikoko plataforma.

Gardena gardentasun-atariari dagokionez, 2025ean 28.201 izan zituen, 2024an baino gutxiago, baina 2023an baino gehiago. Beraz, informazio publikoa eskuratzeko eta kontuak emateko erreferentziazko tresna da.Bestalde, Legeguneak, euskal araudiaren atariak, 698 arau-argitalpen erregistratu zituen 2025ean, eta horien artean daude informazio publikoa eskuratzeko 219 ebazpenak.Datu Irekien esparruan, Open Data Euskadik dagoeneko 14.860 datu-multzo ditu bere katalogoan. 2025ean, hiru foru-aldundietako eta hiru hiriburuetako udaletako datuak gehitu ostean. Modu honetara, Eusko Jaurlaritzak bere proiekzioa indartu du Estatuko eta Europako datos.gob.es eta data.europa.eu atarietan, Jaurlaritza izanik, dataset gehien ematen dituen administrazioetako bat.

Informazio publikoa eskuratzeko eskubideari dagokionez, 2025ean 309 eskaera jaso ziren, eta ebazteko batez besteko epea 27,05 egun naturalera eta 18,81 egun baliodunera murriztu zen, aurreko ekitaldiko denborak hobetuz. Industria, Trantsizio Energetikoa eta Jasangarritasuna (%30,74), Osasuna (%17,48) eta Segurtasuna (%15,53) sailek jaso zituzten eskaera gehien.

Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordeak 434 erreklamazio jaso zituen 2025ean. 2024ko datuekin alderatuta, nabarmen egin zuen gora erreklamazio kopuruak iaz. Igoera hori, baina, bi pertsona zehatzek urteko azken lauhilekoan egindako erreklamazio andanari lotuta dago (195 erreklamazio). Erreklamazioak jartzeko arrazoi nagusia administrazio-isiltasuna da eta ebatzitako erreklamazioak (149) legezko epeen arabera izapidetu ziren, (78,9 eguneko batez bestekoarekin) indarrean dagoen araudiak ezarritako hiru hilabeteen barruan.

Gobernu Programaren jarraipena

XIII. legegintzaldiko Gobernu Programa eskuragarri dago Irekian, baita 16 plan estrategikoak, sailetako 103 planak eta  Legegintza-programa ere. Era berean, Irekian eta Kontuematea atalean kontsulta daiteke gobernu-programaren betetze maila, Eusko Jaurlaritzak plangintzarekin, gardentasunarekin eta kontu-ematearekin duen konpromisoa indartuz.

 

Etorkizuneko erronkak gardentasunaren arloan

Sailaren helburu estrategikoetako bat da administrazio irekiagoa, gardenagoa eta parte-hartzaileagoa sustatzea, kalitate demokratiko indartzeko. Bide horretan, Gardentasunaren Legea onartzea mugarri garrantzitsua izango da. Legegintzaldi honetan onartzen den lehen lege-proiektua izango da, talde politiko guztien, Vox izan ezik, 30 zuzenketa txertatu ondoren.

Gardentasun Legeari esker, Euskadik tresna bat gehiago izango du politika publikoen kudeaketa eraginkorragoa egiteko eta Administrazioaren eta herritarren arteko harremana hobetzeko; eta horrek, herritarren konfiantza handitzeko aukera emango du.

Gainera, legeak, berrikuntza garrantzitsuak ekarriko ditu gardentasunaren arloan, hala nola, Gardena, Gardentasunaren Euskal Agintaritzaren sorrera, legea betearazteko.