Eusko Jaurlaritzak Loiolako Erriberetako belaunaldiarteko 83 apartamentuen obra lizitatu du 17,67 milioi euroko aurrekontuarekin eta 24 hilabeteko egikaritze-epearekin

0
  • Aurreikusitakoaren arabera, lanak urte honen amaieran hasiko dira, eta proiektuaren idazketa, obra-zuzendaritza eta egikaritze-zuzendaritza Leira Mestre Roig Martínez aldi baterako enpresa-elkarteari enkargatu zaizkio
  • Denis Itxaso sailburuak gogorarazi duenez, etxebizitza horiek “belaunaldiarteko eredu baten arabera kudeatuko dira”, eta, iragarri duenez, “formula horren arabera abiaraziko diren lehen bi sustapenak Txurdinagakoa eta Zorrotzaurrekoa izango dira”, biak Bilbon

Gobernu Kontseiluak Donostiako Loiolako Erriberak auzoan belaunaldiarteko 83 zuzkidura-apartamentu eraikitzeko obren lizitazioa onartu du gaur goizean. Aurreikusitakoaren arabera, lanak urtearen amaieran hasiko dira eta 24 hilabeteko iraupena izango dute. Ereduari dagokionez, Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok gogorarazi du “belaunaldiartekoa” izango dela, eta, iragarri duenez, “formula horren arabera abiaraziko diren lehen bi sustapenak Txurdinagakoa eta Zorrotzaurrekoa izango dira”, biak Bilbon, 107 eta 57 etxebizitzarekin, hurrenez hurren.

Loiolako Erriberetako sustapena Beroitz kalean egingo da, 17.673.073,46 euroko (BEZa barne) oinarrizko lizitazio-aurrekontuarekin. Horren bidez, alokairuko etxebizitza publikoen arloko jarduketa estrategiko berri bat finkatuko da Gipuzkoako hiriburuan. Aurreikusitakoaren arabera, Eusko Jaurlaritzak 5.000 etxebizitza berri baino gehiago eraikiko ditu bertan, honako esparru hauetan, besteak beste: Lorategi Hiria (98 BOEen obrak ekainean hasiko dira), Txomin-Enea II, Easo-Amarako Trenbide Zabaltza, Eliseo Zelaiak-Martutene, Morlans, Auditz Akular eta Loiolako Kuartelak.

Testuinguru horretan, sailburuak azpimarratu duenez, “Donostiako Udalak egokitzat hartu zuen eta beste ezein ekipamendutarako behar ez zuen Loiolako Erriberetako partzela laga zigun urtarrilean, eta Eusko Jaurlaritzak, Donostian etxebizitzak eta apartamentuak eraiki ahal izateko ia lurzorurik ez duenak, obrak lizitaziora ateratzea lortu du astearte honetan, lau hilabeteko epean, ahalik eta lasterren esleitu ahal izateko eta, era horretan, eraikuntza urtearen amaieran hasi ahal izateko asmoz”.

Proiektu hori Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren eta Donostiako Udalaren artean sinatutako lankidetza-hitzarmenaren esparruan kokatzen da. Hitzarmen horren helburua zuzkidura-apartamentuen sustapena bultzatzea da, Morlansen (160-180) eta Loiolako Erriberetan (283). Jarduketa horren bidez, bi erakundeek aurrera egingo dute alokairuko etxebizitzen parke publikoa handitzeko eta dagoen eskariari (bereziki gazteen ekariari) erantzuteko duten helburua lortzeko bidean. Proiektatutako 83 apartamentuak txandakako alokairura bideratuko dira oso-osorik, eta kontratuek 5 urteko iraupena izango dute, beren inguruabarrak direla eta merkatu librean zailtasunik handienak dituzten kolektiboei etxebizitza eskuratzea errazteko soluzio malgu gisa sortutako formula baita.

Bizitegi-programa diseinatzeko, funtzionaltasunari eta egungo beharretarako egokitzapenari lotutako irizpideak hartu dira kontuan. Ildo horretan, sustapenak logela bakarreko 55 bizitoki izango ditu, hots, guztizkoaren % 66,27, eta nagusiki gazteentzat edo beren jabetzako etxebizitza Bizigune programan jartzen duten 70 urtetik gorako pertsona autonomoentzat izango dira. Horiez gain, bi logelako 24 bizitoki (% 28,92) eta bi logelako 4 etxebizitza egokitu (% 4,82) egongo dira, irisgarritasun unibertsala bermatzera bideratuak.

Ildo horretan, Itxasok adierazi duenez, “apartamentu horien helburua belaunaldien arteko bizikidetza izango da, emantzipatzeko fasean dauden gazteekin eta beren etxebizitzak Bizigune programarako lagatzen dituzten adinekoekin”, eta ekimen hori jarduketa publikoko ildo berri baten barruan kokatu du. Bestalde, sailburuak adierazi duenez, “datozen egunotan Loiolako Erriberetako auzo-elkartearekin kontrastatzeko lanak hasiko ditugu, apartamentu berri horien erabilerak azaltzeko eta, ahal bada, adosteko”. Era horretan, auzo-ingurunearekiko lankidetza sendotuko da.

Azalerari dagokionez, eraikinak 7.529,52 metro koadroko azalera eraikia izango du, oso-osorik sestra gainean, eta bizitokietarako lau mila metro koadroko azalera erabilgarria.

Jasangarritasuna, energia-efizientzia eta eraikuntza-berrikuntza

Proiektuaren funtsezko ardatzetako bat jasangarritasunari eta energia-efizientziari lotutako irizpide aurreratuak txertatzea da. Eraikinak A energia-kalifikazioa izango du, eta horrek esan nahi du oso energia-kontsumo txikia (11,07 kWh metro koadroko urtean) eta CO2 emisio txikiak (1,88 kg metro koadroko urtean) izango dituela. Efizientzia-maila horiek lortzeko, azken belaunaldiko soluzio teknologikoak aukeratu dira. Klimatizazio-sistema eta ur bero sanitarioa produzitzeko sistema aerotermia zentralizatuan oinarrituko da, eta aireztapena, berriz, fluxu bikoitzeko sistema baten bidez prestatuko da, barneko airearen kalitatea hobetzeko eta galera energetikoak murrizteko.

Era berean, 37 kW-ko potentziako panel fotovoltaikoak instalatuko dira eraikinean, eta, horren bidez, energia berriztagarria sortzen eta sustapenaren karbono-aztarna murrizten lagunduko da. Eraikuntzaren ikuspegitik, proiektuak berrikuntzaren aldeko apustua egin du, eta hormigoi armatuzko eta zur kontralaminatuzko (CLT) egitura mistoa erabiliko da. Soluzio horrek erresistentzia, jasangarritasuna eta efizientzia uztartzen ditu egikaritze-prozesuetan. Komunikazio bertikaleko hormigoi armatuz egingo dira, enkofratu igokariko sistemen bidez, eraikuntza-prozesuaren industrializazioa bultzatzeko.

Proiektuaren idazketa, obra-zuzendaritza eta egikaritze-zuzendaritza Leira Mestre Roig Martínez aldi baterako enpresa-elkarteari enkargatu zaizkio, jarduketaren garapen teknikoaren fase guztiak hartzen dituen zerbitzu-kontratu integral baten esparruan.