STEAM SAREk 63 jarduera zientifiko-teknologiko eskainiko dizkie ikasleei 2026-2027 ikasturtean

0
  • Eusko Jaurlaritzak bultzatu eta Innobasquek koordinatutako STEAM Sareak jardueren katalogoaren bosgarren edizioa aurkeztu du.

  • 44 entitatek hainbat ekimen antolatu dituzte Euskadiko ikasleen artean STEAM bokazioak sustatzeko.

  • Iraupen laburreko jarduerak eta orientabiderako programak eta ekimenak jasotzen ditu katalogoak.

STEAM Sareak 63 jarduera zientifiko-teknologiko eskainiko dizkie euskal gazteei 2026-2027 ikasturtean. Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza Sailak bultzatzen du ekimena eta Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak koordinatzen du, helburu nagusi honekin: gazteen artean STEM (zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika) eremuekiko euskal gazteen interesa sustatzea.

Guztira 44 entitatek antolatutako 63 proposamen jasotzen ditu gaur argitara eman den STEAM Sare Katalogoa – Steam Euskadi berriaren bosgarren edizioak. Gaur egun, ehun bat entitate dira STEAM Sareko kide, horien artean enpresak, teknologia- eta ikerkuntza-zentroak, erakundeak, unibertsitateak eta berrikuntza-ekosistemako beste eragile batzuk.

Katalogoan jasotako jarduerak datorren ikasturtean garatuko dira, eta, horien bidez, ikasleek aukera izango dute, modu praktikoan eta esperientziaren bidez, diziplina zientifiko-teknologikoetara hurbiltzeko. Hiru motako jardueretan egituratzen da eskaintza: iraupen laburreko 38 jarduera, ibilbide luzeagoko 8 programa eta STEM orientabideko berariazko 17 ekimen.

Gure jarduerak

Edizio honetan hainbat berritasun daude aurreko katalogoarekin alderatuta. Guztira, 10 jarduera berri izango dira datorren ikasturtean, eta ikasleek askotariko esperientziak izango dituzte eskura. Horien artean, nabarmentzekoa da kuantikari loturiko jarduera bat, EHU Quantum-ek antolatua. Jarduera horretan, ikasleek aukera izango dute gaur egun puri-purian dagoen esparru zientifiko horri buruzko hainbat ezaguera jasotzeko. Horrez gain, orientabide profesionalaren esparrua sendotu da, eta Innobasqueko bi entitate bazkidek, Euskotrenek eta Metro Bilbaok, bultzatutako jardunaldiak egingo dira, haien berdintasun-planak ardatz harturik. Helburua, hauxe: erreferentziazko pertsonak erdigunean jartzea eta STEM bokazioak sustatzea, batez ere nesken artean. Datorren ikasturtean, Aranzadi batuko da eskaintzara, bi jarduerarekin. Ikerkuntza arkeologikoan eta kontserbazioan entitate aitzindaria da Aranzadi, eta aurten, FIRST Lego League programari loturik, “UNEARTHED” arkeologiari buruzko erronka prestatzeko bisitetan partaide izan da; hain zuzen, hortik sortu dira katalogoko bi jarduera berriak.

Innobasqueko entitate bazkideek landutako beste hainbat proposamen ere badira katalogoan, guztiak helburu berarekin: zientziaren, teknologiaren eta lanbide-ingurunearen arteko lotura sendotzea. Esaterako, Mondragon Unibertsitateak “Amestu, diseinatu, ekin” Ingeniaritzako Olinpiadak antolatu ditu, eta Danobatgroup taldeak, berriz, beste ekimen hau: “Zure etorkizuna industrian deskodetzen: konektatu industria aurreratuko STEM lanbideekin”.

Era berean, ERREKAk “STEM bokazioak inspiratzen automatizazioaren eta robotikaren bidez” jarduera bultzatu du, 4.0 industria eta berrikuntza teknologikoa ardatz direla. Biobizkaiak, berriz, “Biobizkaiako laborategietatik ikasgeletara: osasun-ikerketaren eta etorkizuneko talentuaren arteko lotura egiten dugu” proposamena landu du, osasun arloko ikerkuntza ikasgeletara eramateko.

Azkenik, “Biokultura ikasgeletan: zientzia, biodibertsitatea eta parte-hartze aktiboa” (BIOOK) proposamenaren eskutik, biodibertsitatea ardatz duen esperientzia bat jaso da katalogoan. Ikasleak biodibertsitatearen ezagutzan eta kontserbazioan engaiatzea da jarduera horren helburua, eta, bide batez, zientziaren eta jasangarritasunaren arteko lotura sendotzea.

Sendotutako ekimena

Aurreko edizioak izan zuen inpaktuak bermatu eta agerian uzten du ekimenak sortzen duen interes gero eta handiagoa. Aurreko ikasturteko katalogoan 41 entitatek antolatutako 60 jarduera eskaini ziren, eta guztira 200 ikastetxek hartu zuten parte. Jardueretan parte hartzeko 900 eskabide jaso ziren, eta 45.600 ikaslek eman zuten izena horietan.

Horrelako proposamen eta ekintzen bidez, STEAM Sarearen helburua da ikasleen artean diziplina zientifiko-teknologikoekiko interesa piztea gazte-gaztetatik, eta, bide batez, esparru horietan dagoen genero-arrakala murrizten laguntzea eta egitura sozioekonomikoan dagoen STEM profilen eskari gero eta handiagoari erantzutea.

Interesa duten ikastetxeek ikasturte osoan zehar parte hartu ahal izango dute katalogoko jardueretan; era horretara, ikasleek aukera izango dute zientziaren eta teknologiaren arloko profesionalekin eta ingurune errealekin hartu-eman zuzena izateko.

Katalogoa ezagutarazteko ekitaldien artean, maiatzaren 6an, 17:00etan, webinar informatibo bat egingo da ikastetxeei zuzendurik. Jardueren azalpenak eta izena emateko eta parte hartzeko prozesuaren inguruko argibideak emango dira saio horretan.