Ibone Bengoetxea lehendakariordeak Peggy Guggenheim Bildumako harreran parte hartu du Bienalaren inaugurazioan

0

Topaketa hau Venezian garatutako agenda instituzionalaren barruan kokatzen da, “I Baschi alla Biennale” proiektuaren bidez Euskadik nazioarteko arte garaikideko harreman-gune nagusietan duen presentzia indartzeko

Lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxea Venezian izan da gaur arratsaldean, Peggy Guggenheim Bildumak antolatutako harreran, Arte Garaikideko Bienalaren 61. edizioaren inaugurazioaren harira.

Harrera hau Bienalaren hasiera markatzen duten ohiko topaketetako bat da, eta kultur erakundeen, museoetako zuzendaritzen, nazioarteko komisariotzaren, artisten eta arte garaikidearen ekosistemako eragile nagusien arteko harremanetarako eta elkargunerako espazioa eskaintzen du.

Topaketa Guggenheim sistemako erreferentziazko gune batean egin da, eta bertan elkartu dira sare horretako egoitza nagusietako ordezkariak —New York, Venezia eta Bilbao—, baita nazioarteko museo eta kultur arloko profesionalak ere, proiekzio globala partekatzen duten erakundeen arteko loturak indartuz.

Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzaren presentziak Guggenheim Bilbao Museoaren papera azpimarratzen du, ekosistema horretako nodo nagusietako bat baita, eta kultura, hiria eta nazioarteko proiekzioaren arteko loturan erreferentea delako.