Osakidetzak erizaintzaren lidergoaren alde egin du Lehen Mailako Arretan, izan ere, lanaren antolaketa hobetzeko eta pazienteei laguntzeko triaje-eredu berri bat jarri du martxan

0

MAIATZAREN 12A, ERIZAINTZAREN NAZIOARTEKO EGUNA

  • Erizaintzako triajea lagungarria da eskaria hobeto ordenatzeko, nork nor artatu behar duen erabakitzeko eta erantzun azkarrago, seguruago eta antolatuagoak emateko
  • Sistema berria abian da dagoeneko Arabako Lautadan, eta Euskadiko Osasun Ituneko neurrietako bat da

Osakidetzak beste bultzada bat eman dio erizainek Lehen Mailako Arretan duten zereginari, Lehen Mailako Arretako Erizaintzako Triajea (LMET) abian jarri baitu. Eredu horri esker, erizaintzaren lidergo klinikoa indartu da, baita asistentziaren antolamendua hobetu ere. Sistema horrek aukera ematen du, batik bat, kasu bakoitza modu egokiagoan baloratzeko, pazientea dagokion profesionalarengana bideratzeko eta egokiro erabakitzeko zer hitzordu mota behar duen eta zenbaterainoko urgentziaz artatu beharko den.

Erizaintzako triajea oso tresna soil eta erabilgarria da. Osasun-eskaria sailkatzean datza, paziente bakoitzak une egokian erantzun egokiena jaso dezan. Hari esker, denbora irabaziko dugu, kontsultak ez baitira alferrik beteko. Ondorioz, arreta seguruagoa, ordenatuagoa eta hurbilagoa eskainiko dugu.

Erizaintzak pisu handiagoa izango du

Eredu berri horrek balioa ematen die erizaintzaren ezagutzari, esperientziari eta erabakitzeko gaitasunari. Erizainak, arreta emateaz gain, arreta hobeto bideratzen, lehenesten eta ordenatzen ere laguntzen du, bereziki kasu konplexuetan edo gaixotasun kronikoak dituzten pertsonei dagokienez.

Urrats hau emateari esker, Osakidetzak erizainen lidergo berriak indartu ditu Lehen Mailako Arretan, eta profesional horiek gero eta zeregin garrantzitsuagoa dutela aitortzen du euskal osasun-sistema publikoaren barruan. Horren ondorioz, egungo barne-antolaketa hobea da, eta erantzun azkarragoak emateko gai gara, pertsona bakoitzaren benetako beharretara egokituta.

Zertan da lagungarri triajea?

LMETk aukera ematen die erizainei paziente bakoitzaren egoera klinikoa irizpide eta informazio gehiagorekin baloratzeko. Honetan oinarritzen da LMET: elkarrizketa klinikoak egiten, konstanteak hartzen, historia klinikoa berrikusten eta dagoeneko finkatuta dauden Osakidetzaren tresna korporatiboak erabiltzen.

Eredu horri esker, hobeto lehenets daitezke kasu urgenteak, baita zehatzago orientatu ere bihotz-gutxiegitasuna, BGBK, min handiak edo kronikotasun konplexuak dituzten pertsonak. Praktikan, alferrikako itxaronaldiak saihesteko eta baliabideak gehien behar dituenarentzat gordetzeko da lagungarria.

Proiektu pilotua Arabako Lautadan

Eredu berri hori Arabako Lautadako Lehen Mailako Arretako Unitatean hasi gara pilotatzen, Aguraingo osasun-zentroan eta Asparrena, Dulantzi eta Barrundiako kontsultategietan, hain zuzen. Aurreikusitakoaren arabera, ekimenak bost hilabeteko iraupena izango du, eta Arabako ESIak eta Osakidetzako Osasun Laguntzako Zuzendaritza dira horren sustatzaile.

Eremu hori aukeratu dute, proiektua bereziki erabilgarri izango zitzaielakoan, izan ere, honelakoa da bertako testuingurua: biztanleria zaharkitua, sakabanatze geografikoa eta asistentzia-karga handia. Pilotajearen ebaluazioaren bitartez, irisgarritasunari, atzerapenei eta profesionalen eta herritarren iritziei nola eragiten dien aztertu ahalko da.

Erizaintzako triaje-dispositiboa Aguraingo Osasun Zentroan fisikoki dagoen profesional batek osatzen du, eta bertatik kudeatzen ditu Lehen Mailako Arretako Unitate osoaren aurrez aurreko nahiz telefono bidezko eskaerak.

Pilotajeak bost hilabete iraungo du, urrira arte, hain zuzen. Pilotaje-fasearen ostean, proiektua ebaluatua izango da. Aztertuko diren aldagaiei dagokienez, profesionalei eta herritarrei euren iritziaren berri galdetuko zaie aldizkako inkesten bitartez. Horrez gain, irisgarritasunari nola eragiten dion ere aztertuko da, baita Lehen Mailako Arretaren arreta sanitarioko atzerapenen bilakaera ere, proiektua martxan jarri zenetik. Ekimena ebaluatu ondoren, Osakidetzako Lehen Mailako Arretako gainerako sarera hedatzea komeni den baloratuko da.

LMAko Erizaintza Pediatrikoa

Aurrerapen horrekin batera, Osakidetzak Lehen Mailako Arretako pediatrian espezializatutako erizaintza-espezialitate berria abiatu du. Euskadi izango da profil hori esparru horretan txertatuko duen lehen erkidegoa, izan ere, kontratazio-zerrenda berriak ireki ditu, haurren eta nerabeentzako arreta indartzeko.

Neurri horrek pediatriako asistentzia-estaldura hobetuko du, eta horri esker, arreta pediatrikoa espezializatuagoa izango da, familien beharretara hobekiago egokitzeaz gain. Horrek, gainera, bat egiten du Haursarearekin, patologia kroniko konplexuak eta zainketa aringarrien premia duten adingabeentzako arreta koordinaturako sare berriarekin, hain zuzen ere.

Euskadiko Osasun Itunaren ekintzak

Bai Erizaintzako triajea, bai pediatriako espezialitateari emandako bultzada dira Lehen Mailako Arreta indartzeko Osasunaren Euskal Itunaren ildoen parte. Bi neurrien helburua da eskaria hobeto antolatzea, hitzorduak bizkortzea, profesionalen lana sinplifikatzea eta Lehen Mailako Arreta hurbilago, eraginkorrago eta gizatiarragoa bihurtzea.

Laburbilduz, beraz, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak apustu argia egin du lehen mailako arreta eskuragarriago, gizatiarrago eta hobeto antolatuaren alde, erizaintzari protagonismo handiagoa emateari eta herritarrei onura berriak eskaintzeari esker.