- Nazio Batuak Emakumeak erakundeak antolatutako bilerak genero�ikuspegia duten zaintza eraldatzaileen sistemak bultzatu nahi ditu
- Bildutako erakundeek Europako eta Asia Erdialdeko Zaintzarako Ekintza Agenda (2026-2030) abiaraztea erabaki dute
Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak, Xabier Legarreta Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuordeak eta Javier Cortés E-Lankidetzako zuzendariak osatutako euskal ordezkaritza bat Istanbulen izan da egunotan, Nazio Batuen Erakundeak (NBE) antolatutako Europa eta Erdialdeko Asiako lehen Zaintza Foroan, zaintza sistema eraldatzaileak, genero-ikuspegidunak eta giza eskubideetan oinarritutakoak sustatzeko.
Helburu nagusia eraldaketa sistemikoa sustatzea da, arreta-zerbitzu zatikatuetatik arreta-ekonomia integratuetara igaroz. Horrela, Foroak emakumeen ahalduntze ekonomikoa bizkortzea, lan txukuna bermatzea eta hazkunde ekonomiko inklusiboa eta iraunkorra sustatzea bilatzen du.
Ekitaldiak hainbat erakunde, mugimendu feministen ordezkariak, mundu akademikokoak eta sindikatuetakoak bildu ditu, besteak beste, Europa eta Asia erdialdekoak, eskualdeen arteko trukea errazteko.
Foroan hainbat gai bateratu dira, hala nola, ordaindu gabeko zainketak eta etxeko lanak, genero-berdintasuna eta eraldaketa makroekonomikoa, bizi-ziklo osorako zainketa-sistemak, lan txukuna, migrazioa eta zaintzako langileak edo zainketen finantzaketa, besteak beste. Eta gogorarazi da emakumeek ordaindu gabeko zaintza-lanaren % 76 baino gehiago egiten dutela munduan, eta bataz beste gizonek baino 3,2 aldiz denbora gehiago ematen dutela zeregin horietan. Ordaindu gabeko lan hori diru bihurtuko balitz, BPGren % 40 baino gehiago izan litzateke herrialde batzuetan.
Euskal ordezkaritzak Euskadin garatutako esperientziak partekatu ditu, berdintasun-politiken instituzionalizazioan, erakundeen arteko lankidetzan eta lurralde-antolaketan oinarrituta.
Hala, Xabier Legarreta Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuordeak gogorarazi duenez, «lankidetzan, berdintasunean, prebentzioan eta laguntza komunitarioan oinarritutako zainketa-agenda bultzatzen jarraitzen dugu Euskadin, zainketetan inbertitzea ez baita soilik gizarte-politika bat: etorkizuneko apustu demokratikoa ere bada». Legarretak oso positibotzat jo du topaketa hau «espazio hau pertsonak politika publikoen erdigunean jartzeko konpromisoa duten gobernu, nazioarteko erakunde eta lurraldeekin partekatzeagatik. Erronkak globalak dira. Baina erantzun asko tokian bertan hasten dira «.
Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria kezkatuta agertu da zainketa-lanen feminizazioarekin, Euskadin berdintasun-politika gisa jorratzen den alderdia baita. «Ez da nahikoa zaintzak aitortzea eta duintzea, banatu egin behar dira, eta, beraz, zuzenean interpelatzen ditugu gizonak, erakundeak, enpresak eta gizarte osoa».
Miren Elgarrestak adierazi du Eusko Jaurlaritzak Nazio Batuen ekimenetan parte hartu duela, hala nola, Generation Equality ekimenean edo «Dare to Care» delakoan, Gizonduz ekimenaren bitartez. Gizonduz zerbitzuaren bitartez, gizonak zainketen inguruan inplikatu nahi dira, besteak beste. Gizonduzen bitartez orain arte 30.000 gizon baino gehiagori berdintasunari buruzko prestakuntza-ikastaroak eman zaizkio.
Emakundeko zuzendariak Euskadik duen maila anitzeko gobernantzaren eredua ere jarri du adibide gisa. «Ikasi dugu politika eraldatzaileek hurbiltasuna behar dutela, baina baita esparru komuna, lidergo publikoa, plangintza, finantzaketa eta ebaluazioa ere. Zaintza agenda eraldatzailea izango da soilik hurbiltasunetik eraikitzen bada, baina erantzukizun publikoarekin «, gogorarazi du Miren Elgarrestak.
Foroak, halaber, Europako eta Asia Erdialdeko Zaintzarako Ekintza Agenda (2026-2030) abiatu du. Agenda hori borondatezko ibilbide-orri bat da, koherenteak izango diren zaintza-sistemak eraikitzeko, genero-premiei erantzungo dietenak eta giza eskubideetan oinarrituko direnak.






