Lehendakariak Euskadiren borondatea helarazi dio Leon XIV.a Aita Santuari, Europa gizatiarragoa eta bakearekin, demokraziarekin eta justizia sozialarekin konprometituagoa izan dadin laguntzeko

0
  • Imanol Pradalesek Leon XIV.a Aita Santua Euskadi bisitatzera gonbidatu du Vatikanora egin duen bidaia ofizialean. Bertan, Aita Santua agurtzeko aukera izan du San Pedroko Entzunaldi Publikoan, eta bilera bat izan du Egoitza Santuko Estatu idazkari Pietro Parolinekin
  • Lehendakariak Aita Santuari eman dizkio: Picassoren Guernica margolanari buruzko Juan Larrearen liburua; Jose Luis Zumetak 1999an egindako margolanaren berrinterpretazioaren erreprodukzioa; eta Jon Sarasuaren poema bat euskaraz eta kitxuaz

Imanol Pradales Lehendakariak gaur goizean jakinarazi dio Aita Santuari Euskadi apaltasunetik, bakearen, demokraziaren eta justizia sozialaren aldeko ahaleginean laguntzeko prest dagoela. Gainera, Lehendakariak formalki gonbidatu du Leon XIV.a Aita Santua Euskadi bisitatzera, eta Egoitza Santuari eskatu dio 2027ko apirilean Gernikako bonbardaketaren 90. urteurrenean bertaratzeko eta ekitaldiari babesa emateko.

Lehendakaria, Ander Caballero Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren idazkari nagusiarekin batera, Leon XIV.ak San Pedro plazan egin duen Audientzia Publikoan izan da gaur goizean, eta proposamen-sorta helarazi dio.

Balio sinboliko eta instituzional handiko bilera izan da. Imanol Pradales Lehendakariak nabarmendu du Euskadiren eta Egoitza Santuaren arteko harremana sendotzeko aukera izan dela, bereziki Aita Santuak Euskadirekiko ezagutza eta hurbiltasuna erakutsi dituenean. Horren adibide da Bilboko agustindarrekin, Aita Chus edo Aita Martinez de Alegria, Gasteizen, besteak beste.

Leon XIV.a Aita Santuarekin izandako elkarrizketan, Imanol Pradalesek Aita Santuari eskerrak eman dizkio, besteak beste, bakearen, giza duintasunaren, giza eskubideen, justizia sozialaren eta planetaren zaintzaren alde egiten duen lanagatik. Lehendakariak eskatu dio lan horretan jarraitzeko, oso garrantzitsua delako aginte morala duten ahotsak entzutea ziurgabetasun handiko nazioarteko testuinguru honetan, hala gaur egun Europak eta munduak behar duten iparrorratz morala indartzeko. Ildo horretan, adierazi du, apaltasunetik, Euskadik ahalegin partekatu horretan laguntzeko prestutasuna duela.

«Euskaditik Europa gizatiarragoa eraikitzen lagundu nahi dugu. Merkatuari eta teknologiari gutxiago begiratu behar diegu, eta pertsonei gehiago. Balio humanistak berreskuratu behar ditugu. Euskadik presente egon nahi du erronka global handiak heltzen diren guneetan. Eta garenaren apaltasunetik abiatuta, bakea, demokrazia, giza duintasuna eta justizia soziala balioekin konprometitutako ikuspegia eskaini nahi dugu», azpimarratu du Imanol Pradalesek.

Imanol Pradalesek garrantzi handiko gai horiek ere jorratu ditu geroago, Leon XIV.a Aita Santuarekin bildu ondoren, Jauregi Apostolikoan Pietro Parolin kardinal eta Aita Santuaren Estatu Idazkariarekin egindako audientzia pribatuan. Pietro Parolin, bere garaian Frantzisko Aita Santuaren ordezko izateko hautagai faboritoetako bat izan zena, hamabi urtez bere Estatu idazkaria ere izan ondoren, gaur egun Egoitza Santuan eragin handia duen pertsonetakoa da. Topaketa horretan, Egoitza Santuaren aurrean, Lehendakariak enbaxadore den Isabel Celaárekin gaurkotasuneko hainbat gairi buruzko iritziak trukatzeko aukera izan du.

Europaren egungo unea eta balio humanistak indartzeko beharra aztertu dituzte Pradalesek eta Parolinek. Justizia errestauratiboarekin eta elkarbizitzarekin lotutako gaiak ere jorratu dituzte, eta Imanol Pradalesek migratzaileak hartzeko eta integratzeko euskal eredua azaldu dio.

Opariak

Lehendakariak, halaber, eguna aprobetxatu du Aita Santuari Euskadirentzat sinbolismo handikoak diren opari batzuk helarazteko, hala nola Juan Larreak Picassoren Guernica koadroari buruz idatzitako liburua eta Jose Luis Zumetak 1999an egindako margolanaren berrinterpretazioaren erreprodukzioa.

Opari horien bidez, Egoitza Santuan azaldu du Gernikako bonbardaketaren 90. urteurrena 2027ko apirilean beteko dela, eta gertaera hori gaur egun bakearen eta gerraren basakeria salatzeko sinbolo unibertsal bihurtu dela. Hala, Egoitza Santuari eskatu zaio ospakizun hori laguntzeko eta babesa emateko. «Aita Santuak Gernika eta Guernica bakearen sinbolo gisa ezagutzen du, gerraren basakeriaren salaketa gisa eta sinbolo unibertsal gisa duen esanahia», esan du Imanol Pradalesek.

Halaber, Jon Sarasuaren euskarazko eta kitxuazko poesia bat eman dio Lehendakariak, Aita Santuari eskerrak emateko bere bizitzako etapa garrantzitsu batean hizkuntza indigenekin eta, beraz, munduko hizkuntza eta kultura minorizatu guztiekin izan duen inplikazio eta konpromisoagatik.

Azkenik, Imanol Pradalesek Aita Santuari Euskadiren eta euskaldunen aldeko otoitza egiteko eskatu dio, baita Euskadiko fededunentzako mezu bat ere. “Egungo erronkei aurre egiteko itxaropen-, konfiantza- eta animo-mezua helarazi dit Aita Santuak”, amaitu du Imanol Pradalesek.