- Javier Almeida Velasco neurologoaren izendapenak zuzenean erantzuten die Osasun Itunean kalitatezko arreta ekitatiboa emateko hartutako konpromisoei
- Prebentzioa, komunitate-inguruneko nahasmenduen arreta eta patologien araberako laguntza-ibilbideak sortzea izango dira jarduera-ardatz nagusietako batzuk
- Zuzendariordetza berria arduratuko da, halaber, eremu soziosanitarioko arreta sanitarioa koordinatzeaz
Osasun Mentaleko eta Koordinazio Soziosanitarioko zuzendariorde berria, Javier Almeida Velasco doktorea, izendatu dutela adierazi du gaur Osakidetzak. Inkorporazio hori funtsezkoa da Osasun Itunean hartutako konpromisoak betetzeko; izan ere, osasun mentala lehentasun nagusien artean kokatzen du, prebentzioan eta arreta proaktibo, integral eta komunitarioko eredu batean sakonduz.
Izan ere, asistentzia soziosanitarioaren koordinazioa ere bere gain hartzen duen zuzendariordetza berri hori sortzea Osasun Itunaren esparruan onartutako konpromisoetako bat zen. Egungo egoeraren aurrean osasun-sistema publikoa modernizatzera eta indartzera bideratutako politiken barruan, zuzendariordetza horrek hainbat erronkari erantzun beharko die, besteak beste, arreta mentalaren kalitatea eta ekitatea hobetzeari.
Ildo horretan, Osasun Mentaleko eta Koordinazio Soziosanitarioko zuzendariordetzak bere gain hartuko du EAEko osasun mentaleko sarea koordinatzeko erantzukizuna, kudeaketa-eredu arinago eta pazientearengandik hurbilago baten pean, 2023-2028 aldirako Euskadiko Osasun Mentaleko Estrategiaren ildotik. Berehalako eginkizunen artean, honako hauek nabarmentzen dira: nahasmendu komunei eta larriei arreta ematea, bai hurbileko zentroetan, bai eta pazienteen etxeetan (ingurune komunitario gisa ezagutzen dena), edo plantillak profil profesional berriekin indartzea, hala nola Lehen Mailako Arretako kontsultetan berriki sartu diren Psikologiako profesionalekin. Era berean, patologia berriei aurre egiteko programa espezifikoak jarri beharko dira abian.
Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiak azpimarratu duenez, izendapen hori ez da soilik antolamendu-aldaketa bat, baizik eta Osasun Itunaren esparruan herritarrei emandako hitz bat betetzea, eta bermatzea inor ez dela atzean geratuko kalitatezko arreta mental baterako sarbidean.
IBILBIDE ASISTENTZIALA PATOLOGIEN ARABERA
Gainera, zuzendariordetza berri honen beste lehentasunetako bat patologiek osatutako laguntza-ibilbideak garatzea izango da, bereziki adikzioetan, patologia dualean eta haur eta gazteen patologian. Laguntza-ibilbide horiek paziente bakoitzarentzat definituta dauden ibilbideak dira, pazienteak eta haren familiak jakin dezaten zer ibilbide egingo duten, zer urrats egingo dituzten eta zer tokitan artatuko diren gaixotasunean zehar, eta horrek segurtasuna, jarraitutasuna eta arreta ordenatuagoa ematen die pazienteari eta haren familiari.
Horrela, Euskadiko Osasun Itunak beste urrats bat ematen du Osakidetzan aplikatzeko, ekimen estrategikoen plangintzan, gobernantzan eta hedapenean aurrerapenak eginez. Izan ere, ekimen horiek benetako aldaketekin eraldatzen dute arreta sanitarioa, ikuspegi integratuago, neurgarriago eta pazienteengan zentratuago batetik.
LAN-IBILBIDEA
UPV/EHUko Medikuntza eta Kirurgia Orokorrean lizentziatua, Javier Almeida Velasco Neurologiako espezialista da, eta, gaur egun, Urdulizko Alfredo Espinosa ospitalean egiten du lan, neurologo orokor gisa. Ospitale horretan, Gaixotasun Neuromuskularren eta Nerbio-sistema Perferikoaren kontsulta monografikoaren arduraduna da. Gainera, Biobizkaia Institutuko Gaixotasun Neurodegeneratiboen taldearen ikerketa-proiektuei atxikitako kolaboratzailea eta Deustuko Unibertsitateko Medikuntza Graduko irakaslea da. Gainera, esperientzia du gizarte-ekintzan eta lankidetzan.






