Eusko Jaurlaritzak elikadura-berrikuntzaren eta sektorearen lehiakortasunaren aldeko apustua erakutsiko du Food 4 Future 2026 azokan

0

Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Sailak elikadura-berrikuntzari eta nekazaritza-elikagaien industriaren eraldaketari buruzko nazioarteko foro nagusietako batean parte hartuko du Bilbon

Asteazkenean gosari instituzional bat antolatu da elikadura-balio kate osoko CEOekin, eta bertan izango dira Imanol Pradales Lehendakaria eta Amaia Barredo sailburua

Bilbok aste honetan hartuko du Food 4 Future World Summit 2026 ekimenaren edizio berri bat, elikadura-berrikuntzari eta nekazaritza-elikagaien industriaren eraldaketari buruzko nazioarteko topaketa. Maiatzaren 27an eta 28an egingo da Barakaldoko Bilbao Exhibition Centren (BEC), eta hainbat herrialdetako erakundeetako ordezkariak, enpresak, teknologia-zentroak, unibertsitateak eta inbertsio-eragileak bilduko ditu.

Eusko Jaurlaritzak, Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren bidez, aktiboki parte hartuko du nazioarteko foro honetan. Foro hori dagoeneko espazio estrategiko gisa finkatu da ezagutza partekatzeko, aliantzak sortzeko eta Europako elikadura-sistemari eragiten dioten erronka handiei heltzeko.

Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzak, HAZI, NEIKER eta ELIKArekin lankidetzan, erakustoki propioa izango du, Euskadiko agritech eta foodtech ekosistemarentzako topagune estrategiko, nazioarteko proiekzio-gune eta aukera-sorgailu gisa diseinatua.

Stand-a espazio ireki, irisgarri eta elkarreraginera bideratu gisa diseinatuko da, enpresen, eragile teknologikoen, inbertitzaileen eta nazioarteko bazkide potentzialen arteko harreman zuzena sustatzeko. Bere egiturak hainbat eremu funtzional izango ditu, besteak beste, bilerak egiteko gunea, topaketa profesionalak errazteko, eta erakusketa-eremua, Euskadin bultzatutako ekimen eta proiektu berritzaileak erakusteko.

Espazio horren bidez, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Gastronomia eta Elikaduraren Plan Estrategikoan jasotako hainbat ekimen ezagutaraziko ditu, eta nazioarteko profesionalei eredu alimentario jasangarriago, berritzaileago eta lehiakorrago baterantz aurrera egiteko sustatutako lan-ildo nagusiak hurbilduko dizkie.

Era berean, stand-ak balio teknologiko handiko eduki erakusgarriak izango ditu. Horien artean, nabarmentzekoa da energia agroboltaikoari buruzko maketa bat, energia-ekoizpenaren eta nekazaritza-jardueraren arteko integraziorako irtenbide berritzaileak ikusgai jarriko dituena. Horrez gain, adimen artifiziala ardogintzako ekoizpenean aplikatzen duen proiektu aitzindari bat aurkeztuko da, teknologia berriek ekoizpen-prozesuak eraldatzeko eta nekazaritza-elikagaien sektorearen eraginkortasuna hobetzeko duten ahalmena agerian utziz.

Eusko Jaurlaritzaren parte-hartzea Food 4 Futuren euskal nekazaritza-elikagaien industria bultzatzeko estrategiaren baitan kokatzen da, baita elikadura-eredu lehiakorrago, erresilienteago eta lurraldean errotuago baten aldeko apustuan ere; balio ekonomikoa, kalitatezko enplegua eta Euskadirentzako garapen-aukera berriak sortzeko gaitasuna duen eredua, alegia.

“Euskadik badu gaitasuna munduko elikadura-berrikuntzaren erreferente izateko, lehen sektore sendoa, ezagutza teknologikoa eta lurraldeari lotutako industria dituelako. Food 4 Future bezalako foroetan gure helburua euskal elikadura-sistemaren ahalmena mundura erakustea eta gure enpresentzat lankidetza eta hazkunde aukera berriak irekitzea da”, adierazi du Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak.

Elikadura-sektoreko CEOekin topaketa

Food 4 Futureren esparruan, asteazken goizean gosari instituzional bat egingo da elikadura-balio kate osoko CEO eta enpresa-ordezkariekin. Bertan izango dira Imanol Pradales Lehendakaria eta Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza sailburua, Amaia Barredo.

Topaketak ekoizpenari, eraldaketari, banaketari, berrikuntzari eta elikadura-teknologiari lotutako enpresa eta erakundeetako arduradunak bilduko ditu, sektorearen erronka estrategiko nagusiei buruzko ikuspegia partekatzeko eta Euskadiren etorkizun ekonomiko eta sozialerako giltzarri den eremu batean lankidetza publiko-pribatua indartzeko helburuarekin.

Mahai-inguru eta hitzaldietan parte-hartzea

Food 4 Future 2026 azokan euskal presentziak, gainera, Euskadiko elikadura-ekosistemako erakundeen parte-hartzea izango du hainbat mahai-inguru eta hitzalditan, berrikuntzan, jasangarritasunean, digitalizazioan eta sektorearen eraldaketan oinarrituta.

NEIKERrek maiatzaren 28an, ostegunez, 11:00etan, “Reinventing Agriculture for the Next Generation: Regenerative, Digital, Resilient” nazioarteko saioan parte hartuko du. Saio horretan nola nekazaritza birsortzailea, teknologia digitalak, adimen artifiziala eta klimarekiko adimendunak diren praktikak sektorea eraldatzen ari diren eta belaunaldi-erreleboa errazten duten aztertuko da. Erakundeak moderatzaile lanak egingo ditu EIT Food, Pepsico, Nekazaritza Ministerioa eta La Vega Innova startup-eko ordezkariek parte hartuko duten mahai batean.

Bestalde, ELIKAk ere presentzia izango du programako hainbat saiotan. Arantza Madariagak hizlari gisa parte hartuko du “Envases sostenibles en acción: cumplimiento normativo, innovación y colaboración” hitzaldian, maiatzaren 28an 11:00etan. Egun berean, 13:00etan, Amaia de Ariñok “Confianza desde el primer minuto: seguridad alimentaria y reputación” saioa moderatuko du. Azkenik, Mónica de Pradok moderatzaile gisa parte hartuko du “Efficient By Design: Circular Strategies Transforming Food Production” mahai-inguruan, 17:00etan.

Parte-hartze honen bidez, Eusko Jaurlaritzak Euskadi elikadura-berrikuntzaren nazioarteko erreferente gisa sendotu nahi du, eragile globalekin lankidetza sustatu eta sektore osoarentzako garapen ekonomikorako aukera berriak sortu.