Eusko Jaurlaritzak FEMPA 2026 laguntzak aktibatu ditu Euskadiko arrantza eta akuikultura sektorearen lehiakortasuna eta etorkizuna indartzeko

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua
  • Deialdiak modernizazioarekin, jasangarritasunarekin, eraldaketarekin, berrikuntzarekin eta ekonomia urdinarekin lotutako inbertsioen %50era arte finantzatuko du
  • Itsas, Arrantza eta Akuikulturako Europako Funtsaren bidez finantzatutako laguntzek kofradien, enpresen, ontzi-armatzaileen, akuikultura-operadoreen eta erakunde zientifiko-teknikoen proiektuak babestuko dituzte 2028ra arte

Gobernu Kontseiluak Euskadiko arrantza eta akuikultura sektorearentzako FEMPA 2026 laguntzen deialdia onartu du. Guztira 11,15 milioi euroko zuzkidura izango duen tresna estrategiko horren bidez, Eusko Jaurlaritzak ekonomia urdinarentzat eta euskal kostaldeko itsas eta arrantza jardueraren sustraiak errotzeko funtsezkoa den sektore baten lehiakortasuna, jasangarritasuna eta egokitzeko gaitasuna indartu nahi ditu.

2021-2027 aldirako Itsas, Arrantza eta Akuikulturako Europako Funtsaren (FEMPA) bidez finantzatutako deialdiak arrantzarekin, akuikulturarekin, arrantza-produktuen eraldaketa eta merkaturatzearekin, berrikuntza teknologikoarekin, energia-eraginkortasunarekin eta ingurumen-jasangarritasunarekin lotutako inbertsioak eta proiektuak babesteko aukera emango du.

Laguntzen bidez ontziak eta instalazioak modernizatzeko, ekoizpen-prozesuak hobetzeko, teknologia berriak txertatzeko, arrantza eta akuikultura produktuen balio erantsia sustatzeko eta kostaldeko euskal komunitateen erresilientzia ekonomikoa indartzeko ekintzak diruz lagundu ahal izango dira.

Deialdia arrantzaleen kofradiei, sektoreko erakundeei, ontzi-armatzaileei, akuikultura-operadoreei, ondasun-erkidegoei eta Euskadin edo Euskal Autonomia Erkidegoan oinarri-portua duten ontziekin lotutako proiektuak garatzen dituzten erakunde zientifiko-teknikoei zuzenduta dago.

Laguntzek diruz lagundu daitekeen gastuaren %50era arteko estaldura egin ahal izango dute, ekintza motaren eta finantzatutako lerro espezifikoaren arabera. Babestutako proiektuak 2026 eta 2028 artean gauzatu beharko dira.

Programak, gainera, ingurumenaren babesarekin, ekonomia zirkularrarekin eta klima-aldaketara egokitzearekin lotutako irizpideak txertatzen ditu, itsas baliabideen jasangarritasun eta kontserbazio helburu europarrekin bat eginez.

Deialdiak aurreko ekitaldietan sustatutako laguntza-ildoei jarraipena ematen die eta Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren 2026-2028 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren parte da, Eusko Jaurlaritzak arrantza profesional, jasangarri, lehiakor eta etorkizuneko baten alde duen konpromisoa sendotuz.