Justizia eta Giza Eskubideen Sailak ‘René Cassin’ sariko dekretua aldatu du eta bere proiekzioa zabaltzen lagunduko du

0
  • 2003an sortua, sariak giza eskubideen sustapenean, defentsan eta hedapenean egindako jarduera nabarmenak publikoki aitortzea du helburu

Gobernu Kontseiluak, Justizia eta Giza Eskubideen sailburu María Jesús San Joséren proposamenez, gaur onartu du “René Cassin” Giza Eskubideen Saria arautuko duen dekretu berria. Araudiak sariaren esparru berri bat ezarriko du, eta horrek aukera emango du giza eskubideen defentsan diharduten pertsona edo kolektibo gehiagori aitortza zabaltzeko.

Dekretu berriak, 2013ko aurrekoa ordezkatzen duena, sariaren ematea hobetzea du helburu. Berrikuntza nagusien artean daude, besteak beste, prozesuaren parte-hartzea eta gardentasuna sustatzea, alderdi arauemaile nahiz operatiboen bitartez.

Bestalde, testua Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen 20/2023 Legeari egokitu da; lege hori zorrotzagoa da eta baldintza gehigarriak ezartzen ditu; adibidez, hautagaien erantzukizunpeko adierazpena edo ebazpen-prozesuaren aldaketa, tramiteak bizkortzeko.

Era berean, dekretu berriak edizio bakoitzeko deialdiaren ebazpenean bi sari emateko hautagaitzak aurkezteko aukera aurreikusten du: bat pertsona fisiko bati, eta bestea, juridiko bati. Giza eskubideen arloan ospe handia duten pertsonek osatutako epaimahaiak, gainera, sarituak izan ez diren azken hiru urteetako hautagaiak aukeratu ahal izango ditu aukera gehiago izateko.

Sariaren nazioarteko proiekzioa errazteko, testuak aukera ematen du atzerriko hautagaiak edo bizilekua atzerrian dutenak aurkezteko, betiere Euskadiko edo Estatuko erakunde batek aurkezten baditu. Horrela, etorkizuneko edizioetan giza eskubideen aldeko ekimen globalak sartzea erraztuko da.

Beste berrikuntza esanguratsu bat da saria lortu eta hurrengo bi edizioetan saritutako pertsonak edo erakundeak sariaren zabalkundean hartzen duten konpromisoa. Eskakizun horren helburua da aitortza publikoa zabaltzea, bai eta gizartea giza eskubideen arloan kontzientziatzea ere.

Saria 2003an hasi zen ematen, eta ohorezko saria, aitortza publikoa eta dirulaguntza bat izaten jarraituko du. Gainera, balorazio-irizpideen artean, emakumeen eskubideen defentsan izandako ibilbidea egoten jarraituko da, eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, kolektibo gutxituak eta ikuspegi intersekzionala, batez ere generokoa, sartuko dira. Azken horiek, Dirulaguntzen Araubideri buruzko Legeak ezarritako irizpideak dira.

Sari honek René Cassini zor dio izena, 1887ko urriaren 5ean Baionan jaio eta Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren inspiratzaile nagusitzat hartzen dena. Cassinek Bakearen Nobel Saria jaso zuen 1968an, giza eskubideen alde egin zuen lan nekaezinagatik. Sari hau jaso duten pertsona eta erakundeen artean daude, besteak beste, Francesca Albanese, Nazio Batuen Palestinako Lurralde Okupatuetarako errelatore berezia; UNRWA; “Asociación Civil Abuelas Plaza de Mayo” elkartea; Federico Mayor Zaragoza; Alec Reid; Koro Erdozia Lasa; Elisa Loncon Antileo; Dora María Téllez, eta ICDP Heriotza Zigorraren aurkako Nazioarteko Batzordea.

Saria abenduan ematen da, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunarekin bat eginez