Erronka global handiak tokiko erantzun zehatz bihurtzea, “esparru horiek egonkortasuna sortzen duten, arriskua murrizten duten eta inbertsioa errazten duten aldetik”. Horixe izan da Noël d’Anjou Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantzetako sailburuak gaur, Deustuko Unibertsitatean inauguratu duen Bootcamp II Nazioarteko Foroaren irekiera-ekitaldian, helarazitako ideia nagusia.
Sailburuak aditzera eman du egungo erronkei (klimatikoak, sozialak eta ekonomikoak) beste modu batean heldu behar zaiela, inbertsioa mobilizatzeko eta benetako inpaktua sortzeko gai diren lurraldeko bide-orrien bitartez. “Ez da trantsizio ekologikorik izango finantzaketarik gabe, gizarte-kohesiorik gabe eta egonkortasun ekonomikorik gabe”, adierazi du, eta epe luzera begiratzen duten eta konfiantzan oinarritzen diren finantza-sistemen beharra defendatu du.
Foroaren irekiera-ekitaldiak lurraldean jarri du arreta, eraldaketarako funtsezko gune den heinean. D’Anjouren iritziz, esparru horretan zehazten dira erronka globalak, eta eraiki daitezke soluzio partekatuak, betiere erakunde publikoen, sektore pribatuaren, gizarte zibilaren eta akademiaren arteko lankidetzaren bidez.
Aste honetan Bilbon garatzen ari den Bootcamp II Foroan nazioarteko liderrak, gobernuak, finantza-erakundeak, inbertitzaileak eta garapen-eragileak bilduko dira, Garapen Jasangarrirako Helburuekin bat datozen lurralde-soluzioen finantzaketa bizkortzera begira. Nazio Batuek bultzatutako Topaketa hori tokiko ekimenak nazioarteko kapitalarekin lotzeko plataforma global gisa finkatu da.
Hiru egunez, 150 eta 200 parte-hartzaile artean lanean arituko dira garapen jasangarriko proiektuak lurralde-ikuspegitik hasita eskalatzeko aukera emango duten finantza-soluzio “inbertigarri” diseinatzeko. Bootcamp foroak proiektu isolatuetatik haratago joan nahi du, plangintza publikoa, arau-esparruak eta inbertsio pribatua integratzeko gai izango diren finantzaketa-sistema koherenteak eraiki daitezen.
Lurralde-finantzaketaren arkitektura ardatz duen lehen jardunaldi honetan, osoko bilkurak, lidergo-mahaiak eta tailer teknikoak uztartuko dira. Funtsezko gaiak jorratuko dira, hala nola kapital pribatuaren mobilizazioa, gobernantzaren arloko berrikuntza edo arriskua murriztu eta epe luzerako inbertsioa bultzatuko duten baldintzen sorrera.
Testuinguru horretan, sailburuak Euskadiko esperientzia partekatu du, ikuspegi hori aplikatzearen adibide den heinean. Izatez, Euskadi Local 2030 HUBak bultzatutako elkarlaneko gobernantza-ereduaren bidez, autonomia-erkidegoak bide-orri estrategikoak garatu ditu, eta, horiei esker, 6.500 milioi euro inguru mobilizatu dira bonu jasangarrietan.
D’Anjouk adierazi du emaitza horiek zenbait faktoreren konbinazioa direla, hala nola erakundeen arteko koherentzia, eragileen arteko lankidetza eta konfiantzaren sorrera. Elementu horiek funtsezkotzat jotzen dira inbertsioa erakar dadin eta egonkortasun ekonomikoa berma dadin. Era berean, nabarmendu du Euskadik garapen globalaren alde egiteko duen borondatea, bai esperientzia partekatzearen bidetik, bai beste lurralde batzuei proiektu finantzagarrien egituraketan laguntzearen bidetik.
Bootcamp II foroak 2025ean egindako edizioari jarraipena ematen dio. Izatez, 2025eko edizioari esker, zenbait herrialdetan finantzaketa aktibatu zen eta Garapen Jasangarrirako Helburuen lokalizazioan aurrera egin zen. Egungo edizioak anbizioa areagotu du, helburua baita eskala handiagoko soluzioak egituratzea eta garapen jasangarrirako inbertsioa errazten duten erakunde- eta finantza-inguruneak hobetzea.
Espero diren emaitzen artean daude baterako finantzaketa-aukeretan 200 milioi dolar arte identifikatzea, inbertsiorako prest dauden 12 lurralde-soluzio garatzea eta eragile publiko eta pribatuen artean 30 aliantza estrategiko baino gehiago sortzea.
Ekimen horren bidez, Bilbo nazioarteko nodo gisa posizionatzen da garapena finantzatzeko agendan, eta, hala, lurraldeek eraldaketa-eragile gisa betetzen duten zeregina indartzen da eta gobernantza-mailen arteko lankidetza balioesten da, erronka global handiei tokiko esparrutik aurre egin dakien.






