Gaurko Gobernu Kontseiluak Euskadiko ikertzaileen prestakuntza eta espezializazioa sustatzeko bi laguntza-deialdi berri onartu ditu. Deialdi horiek, guztira, 21,14 milioi euroko aurrekontua izango dute, 2026an baino %10,34 gehiago. Programa hauen bidez, Jaurlaritzak talentu zientifikoaren harrobia garatzeko eta sendotzeko duen konpromisoa indartzen du.
Doktorego aurreko programa etorkizuneko doktoreak prestatzera bideratuta dago. Horren bidez, doktore-titulua lortzea eta ikerketako gaitasun aurreratuak eskuratzea erraztuko da, doktorego-programetara lotutako lau urteko kontratuen bitartez. Bestalde, doktorego ondoko programaren helburua doktore tituludun ikertzaileen espezializazioa eta hobekuntza sustatzea da, bost urteko kontratuen bidez.
Bi deialdi hauen bidez, guztira, 546 ikerketa-kontratu egitea aurreikusten da: 424 doktorego aurreko eta 122 doktorego ondoko. Kontratu horien artean sartzen dira bai laguntza berriak bai aurrekoen berritzeak.
14,7 milioi euro nekazaritza-, elikagaigintza- eta baso-industrietako inbertsioetarako
Era berean, Gobernu Kontseiluak Lehiatu Inbertsioa programaren 2026ko deialdia onartu du. Deialdiak 14,7 milioi euroko zuzkidura du, eta Euskadiko nekazaritza, elikagai eta baso-industrietako inbertsioak sustatzea du helburu, baita gastronomia-kalitatea hobetzeko proiektuak ere.
Laguntzen bidez, nekazaritzako eta basoko produktuak eraldatzeko, merkaturatzeko eta garatzeko inbertsioak finantzatu ahal izango dira, baita instalazioak modernizatzera, makineria berria txertatzera, ekoizpen-prozesuak hobetzera, produktuen kalitatea indartzera eta merkatuaren eskakizun berrietara egokitzera bideratutako ekintzak ere.
Deialdia bost jarduera-lerrotan egituratzen da. Alde batetik, nekazaritzako eta basoko produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko proiektuak lagunduko dira. Horrez gain, lerro espezifikoak aurreikusten dira elikagai ekologikoak eraldatzeko eta merkaturatzeko, bai eta elikadura-arloan berritzaileak diren proiektuetarako ere, nekazaritzako azpiproduktuen balorizazioa barne. Helburua baliabideen aprobetxamenduan eraginkortasun handiagoa sustatzea eta ekonomia zirkularraren ereduen alde egitea da.
Nekazaritzako eta elikagaigintzako produktuen kalitate-araubideetarako laguntzak
Baita, Gobernu Kontseiluak 2026ko ekitaldirako nekazaritza eta elikadura-produktuen kalitate-araubideetarako laguntzen deialdia onartu du, guztira 816.872,90 euroko zuzkidurarekin.
Neurriaren helburua Euskadiko nekazaritza eta elikadura-produktuen kalitate bereizia sustatzea, nekazaritza-ustiategien lehiakortasuna indartzea eta aitortutako kalitate-figurak baliatuz balio erantsia sortzea da. Era berean, produktuen ikusgarritasuna eta merkatuan duten kokapena hobetzea du xede, informazio eta sustapen-jardueren bidez.
Deialdiak hiru laguntza-ildo jasotzen ditu. Alde batetik, nekazariei kalitate-araubideetara biltzen laguntzeko dirulaguntzak aurreikusten dira, parte-hartzearen ondoriozko kostuak estaltzen lagunduko duen urteko prima baten bidez. Bestetik, kalitate-sistema horietan sartutako pertsonei aurreko deialdietan emandako laguntzei jarraipena emango zaie. Azkenik, ekoizleen elkarteek bultzatutako informazio eta sustapen-jarduerak finantzatuko dira, kalitate-figuren babespean dauden produktuak ezagutarazteko.
Arka eraikinaren obraren lizitazioa, Vitoria-Gasteizko Zuzenean zerbitzuaren egoitza berria
Gobernu Kontseiluak Gasteizko Arka eraikina eraberritzeko obraren lizitazioari hasiera ematea onartu du gaur. Jarduketa estrategiko horren bidez, Eusko Jaurlaritzak berretsi egiten du zerbitzu publikoak hobetzearen aldeko bere apustua, herritarrei arreta emateko guneen modernizazioaren eta eraldaketaren eskutik.
Arka eraikinak 5.874,18 m2-ko azalera du, sestra gaineko sei solairu eta bi soto ditu eta San Prudentzio eta Arka kaleen izkinan dago, Gasteizko erdigunean. Eraikin berezia da, Fernando Chueca Goitia arkitektoak egina. Arabako hiriburuko eraikin enblematikoetako bat da.
Birmoldaketa-proiektua idatzi ondoren, Eusko Jaurlaritzak obra egiteko lizitazioari ekingo dio orain, 15.738.953,79 euroko aurrekontuarekin. Obren esleipena irailerako dago aurreikusita, eta lanak aurtengo urrian edo azaroan has daitezke, 24 hilabeteko iraupen epearekin.
Eraikinak Zuzenean-en egoitza berria eta lurralde-ordezkaritzak hartuko ditu – Mugikortasun jasangarria; Etxebizitza eta Hiri Agenda; Industria, Trantsizio Energetikoa eta Jasangarritasuna; Ekonomia, Lana eta Enplegua; Eustat; Hezkuntza; Habe; Turismoa, Merkataritza eta Kontsumoa eta Ongizatea, Gazteria eta Erronka Demografikoa-, eta, horri esker, gaur egun sakabanatuta dauden zerbitzuak toki bakar batean kontzentratuko dira, herritarren esperientzia eta zerbitzu publikoen eraginkortasuna hobetzeko.
1,1 milioi euro adikzioak prebenitzeko eta ohitura osasungarriak sustatzeko proiektuetarako
Gobernu Kontseiluak argi berdea eman dio Osasun Sailaren osasun publikoaren eta adikzioen arloko dirulaguntzen deialdiari, 2026ko ekitaldian arriskuak eta kalteak prebenitzeko eta murrizteko proiektuak egiteko, bai eta adikzioen eremuan ohitura osasungarriak sustatzeko ere.
Euskadin jarraitzen den adikzioen prebentzio-eredua eredu komunitario bat da, komunitatean dauden baliabideak optimizatzea bilatzen duena, esku-hartzearen azken hartzaileengana iritsi ahal izateko. Ildo horretan, oso nabarmentzekoa da irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakundeen jarduera. Erakunde horiei zuzenduta dago agindu honetan jasotako laguntza-lerroa, eta 1.118.500 euroko zuzkidura du. Horietatik 882.500 euro substantzia-adikzioak prebenitzeko eta tratatzeko proiektuetarako erabiliko dira, eta 236.000 euro, berriz, ausazko jokoarekiko adikzioa eta substantziarik gabeko beste adikzio batzuk prebenitzeko eta tratatzeko proiektuetarako.
Kultura-guneetarako laguntzak
Gobernu Kontseiluak kultura-sorkuntza artistikoa babesten eta sustatzen duten kultura-gune independenteen programak laguntzeko, “Sorgune” izeneko deialdia onartu du gaur. 2026 urterako, 990.000 euroko partida aurreikusi da eta iazko deialdiarekin alderatuta, dirulaguntza honek %43,43ko igoera izan du.
Aurtengo deialdiak bi aldaketa nagusi ditu: programa bi urterako izatetik, hiru urtekoa izatera pasako da eta sorkuntza-espazioen tipologia berri bat zabaldu da: espazio publiko-pribatua izenekoa. Sorguneei zuzendutako deialdiaren helburua beren sortzaileen sormen-lana garatzen laguntzea da, «arte-adierazpenen berrikuntza, talentuaren babesa, kudeaketa parte-hartzailea eta tokiko ingurunearekiko harremana bideratuz».
Lankidetza-hitzarmena Luzarorekin, finantza-erakundeekin eta Elkargirekin, euskal enpresen finantzaketari laguntzeko
Gaur, halaber, Gobernu Kontseiluak lankidetza-hitzarmen berria baimendu du Luzarorekin, finantza-erakunde bazkideekin, Elkargirekin eta Finantzen Euskal Institutuarekin (FEI). Horrela, jarraipena eman nahi zaie euskal enpresen finantzaketari laguntzeko programei, euskal ETEek jasaten duten finantzaketa-kostua murrizteko eta finantzaketa-iturriak handitzeko aukera emango duten lankidetza-hitzarmenen bidez. Ezaugarri horiek dituen azken lankidetza-hitzarmena 2020an formalizatu zen, 4 urterako, eta hitzarmen berri honek hiru urteko indarraldia izango du.
Formalizatu beharreko maileguen gehieneko zenbatekoak 1.500.000 euroko gehieneko muga izango du enpresa edo talde ekonomiko bakoitzeko, 10 urteko gehieneko epean. Hala ere, 2.000.000 eurora iritsi ahal izango da inguruabar jakin batzuk gertatzen direnean.
2027ko lan egutegia
Gobernu Kontseiluak Euskadirako 2027ko lan egutegia onartu du. Datorren urtean, martxoaren 19ko jaieguna urriaren 7ra aldatuko da, Euskadiko lehen Gobernua eratu zeneko 90. urteurrenera.
Euskadin, 2027an, lan egutegiak hamabi jaiegun hauek izango ditu:
- Urtarrilak 1 (Urteberria)
- Urtarrilak 6 (Errege eguna)
- Martxoak 25 (Ostegun Santua)
- Martxoak 26 (Ostiral Santua)
- Martxoak 29 (Pazko Astelehena)
- Maiatzak 1 (Lanaren Eguna)
- Urriak 7 (Euskadiko lehen Gobernuaren urteurrena)
- Urriak 12 (Jai Nazionala)
- Azaroak 1 (Domu Santu eguna)
- Abenduak 6 (Konstituzio eguna)
- Abenduak 8 (Sortzez garbia)
- Abenduak 25 (Eguberri eguna)
Egun horiei beste bi jaiegun gehitu behar zaizkie, udalei dagozkienak, eta hilabeteko epea izango dute proposamenak egiteko, dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik kontatzen hasita.
Lan-prebentzioko ordezkarien prestakuntzarako esparru arautzailea
Era berean, Gobernu Kontseiluak dekretu proiektu bat onartu du, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) enpresetan eta lantokietan prebentzio ordezkariak gaitzeko oinarrizko mailako prestakuntza ematen duten erakunde publikoentzako eta pribatuentzako dirulaguntzen programaren oinarri orokorrak ezartzeko.
Laguntza lerro hori Dirulaguntzen Araubidea arautzen duen abenduaren 21eko 20/2023 Legera egokitzeko beharrari erantzuten dio arau berriak, lehenengo azken xedapenean aurreikusitakoa betez. Horrela, dekretu berriak uztailaren 30eko 125/2018 Dekretua ordezkatuko du, lan eremuan prebentzio kultura indartzeko programa estrategiko baten jarraitutasuna eta segurtasun juridikoa bermatuz.
Laguntzak erakunde sindikalei, Prestakuntza zentro publiko eta pribatuei eta egiaztatutako prebentzio zerbitzuei zuzenduta egongo dira, arau alderdi batek eta alderdi tekniko batek osatutako oinarrizko prestakuntza emateko. Era berean, diruz lagundutako prestakuntza hori emateko gaitutako erakundeek bete beharreko baldintzak eta egiaztatzeko prozedura arautzen ditu dekretuak, eta lege estaldura ematen die etorkizuneko deialdiei.
«Adimen artifizialaren eta kontsumitzaileen eragina» udako ikastaroa
Azkenik, Gobernu Kontseiluak Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroen Fundazioari zuzeneko dirulaguntza ematea onartu du, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak antolatutako «Adimen artifizialaren eta kontsumitzaileen eragina» ikastaroa finantzatzeko. Ikastaroa ekainaren 18an eta 19an izango da, Miramar Jauregian.
Ikastaroak adimen artifizialak (AA) kontsumitzaileen eskubideetan eta ongizatean duen eraginari buruzko diziplinarteko azterketa kritikoa eskaintzen du, kontratazio- eta finantzaketa-mekanismoak nola eraldatzen diren eta ekosistema digital berrian erabiltzailearen autonomiari eta osotasunari nola eragiten zaion ebaluatuz, kolektibo kalteberei eta, bereziki, adingabeei arreta berezia eskainiz.
Jardunaldietan zehar, gaurkotasun handiko gaiak aztertuko dira, hala nola AAn oinarritutako produktu akastunengatiko erantzukizun zibila, ingurune automatizatuetako abusuzko klausulak eta Kontsumobidek ingurune hori gainbegiratzeko duen zeregin proaktiboa.






