- Biltzarra Bilbon egingo da, 2027ko urriaren 20an, 21ean eta 22an.
- Mundu osoko ikertzaileak, profesionalak, erakundeetako ordezkariak, gizarte-eragileak eta hizkuntza-komunitateak elkartuko dira topaketan.
- Eusko Jaurlaritzak Biltzarraren web-orria jarri du abian, eta komunikazioen eta posterren nazioarteko deialdia ireki du.
Lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxeak III. Euskal Mundu Biltzarra – From Basque to the World aurkeztu du gaur. Nazioarteko topaketa horrek 2027ko urriaren 20, 21 eta 22an munduko hainbat lekutako ikertzaileak, profesionalak, erakundeetako ordezkariak, gizarte-eragileak eta hizkuntza-komunitateak bilduko ditu Bilbon, euskararen eta hizkuntza gutxituen etorkizunari buruz hausnartzeko.
Ekimena JAUZIA GARA lelopean kokatzen da, Eusko Jaurlaritzak euskararen biziberritzean etapa berri bat irekitzeko eta bere erabilera sozialean aurrera egiteko bultzatu duen proposamenean. Aurkezpenean, Bengoetxeak nabarmendu duenez, “euskararen etorkizuna ez da ezagutzan bakarrik jokatzen; erabileran, motibazioan eta pertsonen eguneroko bizitzan hartzen duen lekuan ere jokatzen da”.
Aurkezpenean Hizkuntza Politikarako sailburuorde Aitor Aldasorok eta Biltzarreko batzorde zientifikoko kide Jasone Cenozek hartu dute parte. Ekitaldian, halaber, batzorde horretako hainbat kide izan dira. Batzordea soziolinguistika, hezkuntza, kultura eta hizkuntza-politika bezalako esparrutan ospe handia duten adituek osatzen dute.
Etorkizuna pentsatzeko nazioarteko gunea
III. Euskal Mundu Biltzarrak 1956 eta 1987ko biltzar garrantzitsuen tradizioa berreskuratzen du, XXI. mendeko erronketara egokituz. Biltzarra euskararen eta hizkuntza gutxituen orainari eta etorkizunari buruzko topaketarako, hausnarketarako eta elkarrizketarako nazioarteko gune bat sortzeko helburuarekin sortu da, globalizazioak, digitalizazioak, adimen artifizialak, giza mugikortasunak eta aniztasun sozial eta kultural gero eta handiagoak markatutako testuinguru batean.
“Gure etorkizuna munduarekin batera eraiki nahi dugu, beste hizkuntza-komunitate batzuetatik ikasiz eta euskal esperientzia partekatuz. Hori da From Basque to the World leloaren zentzua”, adierazi du lehendakariordeak.
Lau hausnarketa-esparru
Biltzarrak hizkuntza-komunitateek dituzten erronka nagusiei helduko die, lau hausnarketa-esparru nagusitatik begiratuta:
- Erakunde-lidergoa eta proiekzio globala.
- Gizarte-kohesioa eta ongizatea.
- Kultura, sorkuntza eta komunitatea.
- Teknologia eta berrikuntza.
“Euskararen etorkizunaz hitz egitea kohesio sozialaz, kulturaz, berrikuntzaz eta komunitateaz ere hitz egitea da”, nabarmendu du Bengoetxeak.
Euskal AE, nazioarteko topagunea
Hiru egunez, Bilbo mundu osoko ikertzaileen, erakundeetako arduradunen, profesionalen, gizarte-eragileen eta hizkuntza-komunitateetako ordezkarien arteko ezagutza eta esperientziak trukatzeko gune bihurtuko da.
Helburua da ikaskuntzak partekatzea, erronka komunak identifikatzea eta hizkuntza-aniztasuna eta hizkuntzen biziberritzea indartzen lagunduko duten lankidetza-bide berriak aztertzea.
Biltzarra gaur hasten da
Biltzarrak, gainera, esparru akademikotik haratago doan ekarpen soziala egin nahi du. Nazioarteko ezagutzarekin eta esperientziekin batera, gizarte-, kultura- eta hezkuntza-eragileen ekarpenak jasoko ditu, datozen hamarkadetan euskara indartzen jarraitzea ahalbidetuko duten gakoak identifikatzen laguntzeko.
III. Euskal Mundu Biltzarraren aurkezpenarekin batera, Eusko Jaurlaritzak Biltzarraren webgune ofiziala aktibatu du, frombasquetotheworld.euskadi.eus. Bertan, topaketari buruzko informazio guztia kontsultatu ahal izango da: edukiak, batzordeak, parte-hartzaileak, hizlari nagusiak, nobedadeak eta egutegia.
Halaber, komunikazioen eta posterren nazioarteko deialdia ireki da, euskararekin, hizkuntza gutxituekin eta hizkuntza-aniztasunarekin lotutako ikerketak, esperientziak eta ekimenak partekatzeko interesa duten ikertzaile, profesional, erakunde-arduradun, gizarte-eragile eta hizkuntza-komunitateetako ordezkarientzat. Epea: 2026ko irailaren 14ra arte.






