Udal programak bi hamarkada bete ditu Barakaldoko ikasgeletan sormena, lankidetza eta euskararen erabilera sustatuz Urte hauetan, 13.000 ale baino gehiago argitaratu dira ikasleek sortutako istorioak bilduz
Barakaldoko Udalak HitzBatu poirektuaren 20. urteurrena ospatuko du aurten. Hezkuntza eta kulturako proiektu honek, bi hamarkadatan zehar, sormena eta lankidetza bultzatu ditu hiriko ikastetxeetako ikasleen artean, ipuin ilustratuak sortuz.
Abian jarri zenetik, HitzBatu euskarazko irakurketa, idazketa eta adierazpen artistikoa sustatzeko erreferentziazko ekimen gisa finkatu da. Hogei urte hauetan, guztira 11.224 haurrek parte hartu dute programan, eta modu kolektiboan sortutako 545 ipuin originali forma eman diete, ikasleek beraiek egindako ilustrazioekin lagunduta.
Lan horren emaitza urtero jasotzen da ikasgeletan sortutako istorioak gordetzeko eta partekatzeko aukera ematen duen argitalpen batean. Denbora horretan, 13.000 ale baino gehiago argitaratu eta banatu dira, eta, gainera, udal-liburutegietako funtsen parte dira, herritar guztiek erabili ahal izan ditzaten.
Ekimenak Barakaldoko hezkuntza-komunitatearen inplikazio zabala izan du, eta udalerriko ia ikastetxe guztietan garatu da hogei urte hauetan. «2025eko edizioak, gainera, mugarri berri bat ezarri du programaren historian. Aurten argitaratutako liburuak 42 ipuin biltzen ditu, orain arteko kopururik altuena, hazten jarraitzen duen proiektuak bizi duen une bikaina islatuz eta ikasleen belaunaldi berrien interesa piztuz», azaldu du Nerea Cantero Kultura zinegotziak.
«20. urteurrena betetzen ari den honetan, irakasleen, ikastetxeen, familien eta, bereziki, ikasleen inplikazioa eskertu nahi nuke, bera baita HitzBatuko benetako protagonista. Ekimen horrek Barakaldoko haurren sormen ahalmen handia erakusten du urtero», eskertu du.





