Osakidetzaren prostatako minbiziaren baheketa programak Europako batez bestekoaren bikoitza den parte hartze maila erdietsi du, eta 1.000 gizoneko 3 kasu detektatu ditu

0

GUAR, EKAINAK 11, PROSTATAKO MINBIZIAREN NAZIOARTEKO EGUNA

  • Osasun Sailak, Osakidetzak eta Biosistemak Osasun Ikerketako Institutuak bultzatutako programak % 43ko partaidetza lortu du, Europan horrelako ekimenetan lortzen den estandarraren bikoitza, alegia
  • Euskadik 2.400 diagnostiko berri erregistratzen ditu urtean; bada, 27.000 gizonek baino gehiagok dute gaixotasun hori, ohikoenetako bat dena
  • Baheketa-proiektu pilotuak 2026. urtea amaitu baino lehen 50 eta 70 urte bitarteko 10.000 gizon gonbidatzea aurreikusten du, detekzioa indartzeko
  • Osasunaren Euskal Itunak ekimen hau barne hartzen du, prebentzioa eta diagnostiko goiztiarra osasun-sistemaren funtsezko ardatz gisa indartzearen aldeko apustua egiten baitu

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Osakidetzak eta Biosistemak osasun-ikerketako institutuak Euskadin prostataren baheketaren proiektu pilotua egitea sustatzen dute, EUCanScreen Europako baheketa-proiektuaren barruan, Europar Batasuneko beste eskualde batzuekin batera, eta emaitzak jakinarazi dituzte Prostatako Minbiziaren Nazioarteko Egunean.

Orain arte, iazko ekainean baheketaren pilotajea martxan jarri zenetik, Euskadin 7.700 gizon gonbidatu dira parte hartzera. Proiektu pilotuak Gaztelekuko, Deustuko eta San Inazioko osasun-zentroetako 50 eta 70 urte bitarteko gizonak gonbidatu ditu parte hartzera, Bilbo-Basurtuko ESIan, eta 2026aren amaieran 10.000 gizon gonbidatzea du helburu.

Proiektuak, gonbidatuen % 43ko parte hartzearekin, prostatako 24 minbizi detektatu ditu momentuz Osakidetzaren baheketa horren bidez. Datu hori bereziki garrantzitsua da, gizonek parte-hartze txikiagoa izaten baitute edozein osasun-baheketatan, eta Europan, prostatari dagokionez jada ezarrita dauden programetan, % 20ko parte-hartzea baino ez dute lortzen. Estatu mailan, Euskadi lurralde aitzindarietako bat da prostataren baheketan, Galizia eta Kataluniarekin batera.

Prostatako minbiziaren egoera Euskadin

Euskadin, Osakidetzak prostatako minbiziaren 2.400 kasu berri inguru diagnostikatzen ditu urtero. Gaur egun, 27.483 euskal herritar daude diagnostikatuta, eta kopuru horrek gaixotasun horren garrantzia islatzen du. Horietatik 22.156 —% 80 baino gehiago— 46 eta 75 urte bitarteko pertsonak dira, hau da, adin-tarte horretan du intzidentzia handiena. Datu horiek erakusten dute prostatako minbizia dela EAEko gizonen artean sarrien agertzen den tumoreetako bat, eta azpimarratzen dute garrantzitsua dela detekzio goiztiarreko estrategietan aurrera egitea, biztanleria-baheketak martxan jarriz, adibidez.

Osakidetzaren pilotajean proposatutako ereduan, prostataren baheketako lehen proba gisa prostata-markatzaile baten (PSA) odol-azterketa egiten da. Markatutako estandarra baino balio txikiagoa badu, pazienteak emaitza SMS bidez jasotzen du. PSA altua bada, diagnostiko-zirkuitua aktibatzen da; hala, prostatako erresonantzia magnetiko bat egiten da eta urologiako espezialista batekin kontsulta bat zitatzen da ebaluazio klinikorako, eta, behar izanez gero, prostatako biopsia agintzeko. Prostatako minbizia detektatzen bada, tratamendua berehala hasten da.

Baheketan parte hartzeko hasierako gonbidapenari erantzun ez dioten guztiei oroigarri bat bidaltzen zaie SMS bidez, eta telefonoz deitzen zaie, parte-hartzea errazteko. Hain prozedura egituratua erabiltzeak detekzio goiztiar eraginkorra bermatzen du eta beharrezkoak ez diren frogak saihesten ditu, baheketa onkologikoan Europako jardunbide onenekin bat etorriz.

Prostatako biztanleria-baheketa ezartzea

Pilotajea urte amaieran amaituko da, eta ondoren, ikerketa-taldeak ebaluazio osoa egingo du, EAEko biztanleria-baheketa gisa ezartzeko aukera baloratzeko. Horrela, EAEko osasun-sistemak gizonen osasunarekin eta minbiziaren detekzio goiztiarrarekin duen konpromisoa indartuko da.

Prostatako minbiziaren baheketaren pilotua guztiz bat dator Osasunaren Euskal Itunaren helburu eta ildo estrategikoekin, osasun publikoko programetarako sarbidean ekitatearen alde egiten baitu apustu, eta proiektu berritzaileak garatzea eta prebentzioa dira Osakidetzaren ardatz estrategikoak. Bai eta baheketa-programen ebaluazio zorrotza ere, biztanlerian ezartzeko aukera izateko.