- Maria Ubarretxena sailburuak euskal esperientzia partekatu du «L ‘IA avec NOUS» teknologia eta zerbitzu publikoei buruzko nazioarteko hitzordu nagusian
- «Adimen Artifizialak lagundu egiten digu, baina ez gaitu ordezkatzen», azpimarratu du Maryland, Turingia eta Brusela erakundeetako ordezkariekin batera parte hartu duen topaketan
Maria Ubarretxena Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua Frantziako Lille hirian izan da ostiral honetan, «L ‘IA avec NOUS» goi-bileran. Nazioarteko foro honek mundu osoko mila arduradun publiko, enpresa teknologiko eta aditu baino gehiago bildu ditu, adimen artifizialaren erronkak ikuspegi sozial, ekonomiko eta demokratiko batetik aztertzeko.
Ubarretxenak «Adimen artifizialak bultzatutako eskualdeak: bost eskualde, anbizio partekatua» izeneko topaketan parte hartu du, eta bertan Eusko Jaurlaritzaren Adimen Artifizialeko estrategia aurkeztu du. Topaketa berean, Marylandeko (Estatu Batuak), Turingiako (Alemania) eta Brusela-Hiriburuko (Belgika) erakundeetako ordezkariek ere parte hartu dute eta administrazioek Adimen Artifizialaren gobernantza etikoan duten funtsezko zeregina jorratu dute.
Pertsonak erdigunean
Bere hitzaldian, sailburuak azpimarratu du euskal ereduaren gakoa dela pertsonak erdigunean jartzea. “Eraldaketa teknologiko betean, printzipio negoziaezin hori eta erakundeek lidergoa mantentzea ezinbestekoa da” nabarmendu du Ubarretxenak.
«Euskadin argi dugu Adimen Artifizialak lagundu egiten digula, baina ez gaitu ordezkatzen; ez du pertsonen eskubideei, osasunari, enpleguari edo bizi-baldintzei buruzko erabakirik hartuko, erantzukizun hori beti dago eta egongo da pertsonon esku», adierazi du.
Ubarretxenak azaldu duenez, “Adimen Artifiziala errepikatzen diren egitekoak ezabatzeko eta prozesuak arintzeko da baliagarria, langile publikoen lana erraztu eta indartzeko, haien irizpidea eta esperientzia inola ere ordezkatu gabe”. Zentzu horretan, azpimarratu du erakundeentzako erronka ez dela Adimen Artifiziala erabiltzea, baizik eta Adimen Artifiziala kontrolatzea zerbitzuak hobetzeko eta herritarren konfiantza sendotzeko.
Gardentasuna eta kontrol demokratikoa
Gardentasunaren aldeko apustuaren adibide zehatz gisa, sailburuak Eusko Jaurlaritzaren Adimen Artifizialeko algoritmoen Katalogoa aipatu du. Euskadi izan da erregistro hori argitaratu duen Estatuko lehen erkidegoa, eta gaur egun 16 algoritmo sistema daude alor ezberdinetan erabilgarri: osasun-arloan, enplegu alorrean, euskarari lotuta edota herritarren arreta zerbitzuan. Katalogo honen bidez, algoritmoen erabilera ikuskatzea errazagoa eta ulergarriagoa izatea lortu nahi da.
«Katalogoa gardentasun estandar garrantzitsuen baitan eraiki da, ez delako nahikoa argitaratzea, kontrol demokratikorako beharrezkoa den informazio oro jaso behar da», azaldu du Ubarretxenak. Katalogoak 2026ko Audaz saria jaso zuen, algoritmo bakoitzaren helburua, erabilitako datuak eta prozesu bakoitzaren atzean dagoen giza ikuskapena ezagutzeko aukera ematen duelako, algoritmoen erabilera tresna baliagarria izan dadin herritarrentzat.
Datuen subiranotasuna
Euskal estrategiaren beste ardatzetako bat datuak dira. Datuak funtsezko aktiboak dira zerbitzu publikoak hobetzeko. Ubarretxenak datuen subiranotasuna defendatu du, pertsonen datuak arau argiekin eta oinarrizko eskubideak erabat errespetatuz kudeatzen direla bermatzeko. “Horrela bakarrik eskaini ahal izango dira zerbitzu hobeak, gero eta pertsonalizatuagoak, herritarrek hala erabakitzen dutenean” gehitu du.
Estrategiaren hedapen etikoa ziurtatzeko, Euskadik egitura zabala du: Adimen Artifizialaren eta Datuaren Gobernu Bulegoa; EJIE Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartea; ADI ekimena (Atlantic Data Infrastructure) eta Basque Artificial Intelligence Center-a (BAIC). Horiek gidatzen dute estrategiaren hedapena eta horiek guztiek Europako autonomia digital estrategikoa indartzen laguntzen dute.
Azkenik, sailburuak nabarmendu du euskal erakundeen hurbiltasunak aukera ematen duela teknologia gizartearen benetako beharretara eta beharrizan espezifikoetara egokitzeko, eta adibide gisa jarri du Adimen Artifiziala erabiltzea zerbitzu digitaletan euskarazko arreta indartzeko.






