- Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Sailak nazioarteko merkatu nagusietan duen presentzia sendotuko du, eta elikagaien sustapenerako ekintza berriak bultzatuko ditu Kanadan, Hego Korean, Japonian eta Mexikon
- Azoketan izandako 130 enpresa-partaidetza baino gehiagok eta merkataritza-misioetan mobilizatutako 50 enpresa baino gehiagok babesten dute 2026an garatutako estrategia
Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Sailak Euskadiko Elikagaien Sustapen Plana 2027 aurkeztu du, euskal elikagai-enpresen presentzia merkatu nazional eta nazioartekoetan indartzea helburu duen ibilbide-orria. Estrategia horrek uztartzen ditu dagoeneko emaitza onak eman dituzten ekintzen sendotzea eta balio erantsi handiko merkatuetan merkataritza-aukera berriak irekitzea.
Planaren helburua argia da: Euskadiko elikagai-enpresei laguntzea sustapen, merkaturatze eta nazioartekotze prozesuetan, merkatu berrietara iristea erraztuz eta gero eta lehiakorragoa eta globalagoa den ingurune batean benetako negozio-aukerak sortuz.
Elikadura Euskadiko sektore estrategikoetako bat da, jarduera ekonomikoa, enplegua eta balio erantsia sortzeko duen gaitasunagatik, eta baita landa eta itsasertz-eremuen garapenean egiten duen ekarpenagatik ere. Testuinguru horretan, kalitateak funtsezko bereizgarri izaten jarraitzen du, baina enpresek bezero berrietara iristeko, merkataritza-harreman egonkorrak ezartzeko eta nazioarteko posizionamendua sendotzeko gaitasuna ere indartu behar dute.
«Helburua ez da soilik merkatuetan presente egotea; gure enpresei hazten, sendotzen eta negozio-aukera berriak sortzen lagunduko dieten merkataritza-harreman iraunkorrak eraikitzea da. Euskal elikadura munduan kalitatearen erreferente gisa kokatzen jarraitu nahi dugu«, azpimarratu du Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak.
Merkatuak sendotu eta aukera berriak ireki
2027rako estrategia bi zutabe osagarriren gainean eraikitzen da: enpresentzat erabilgarriak direla frogatu duten ekintzei eustea eta, aldi berean, merkatuen bilakaerara eta sektorearen beharretara egokitutako sustapen-formula berriak txertatzea.
Horregatik, Euskadik elikagaien eta edarien arloko azokarik garrantzitsuenetako batzuetan parte hartzen jarraituko du, bai estatuan bai nazioartean. Aurreikusitako azoken artean daude Sirha Lyon, Barcelona Wine Week, Wine Paris, HIP Madrid, Prowein Düsseldorf, Seafood Barcelona, Salón Gourmets Madrid, Conxemar Vigo eta Anuga Kolonia.
Azoka horietan etengabe egoteak enpresek beraiek partekatzen duten uste sendo bati erantzuten dio: nazioartekotzeak denbora, konfiantza eta presentzia iraunkorra eskatzen ditu, merkataritza-harremanak sendotzeko eta negozio-aukera berriak sortzeko.
Azoka-jarduerarekin batera, Elikagaien Sustapen Planak 2027 nazioarteko merkataritza-misioak indartuko ditu. Tresna horrek gero eta garrantzi handiagoa hartu du Euskadiren kanpo-sustapen estrategiaren barruan.
Mexikok lehentasunezko merkatuetako bat izaten jarraituko du euskal edarientzat. Horretarako, 2027ko lehen seihilekoan alderantzizko misio bat antolatuko da azken urteetan egindako lanari jarraipena emateko.
Gainera, Sailak Kanadan jarduera-ildo berri bat irekiko du, kalitatezko elikagai eta edarientzat potentzial handiena duten merkatuetako bat baita. Estrategiaren arabera, Kanadako inportatzaileen alderantzizko misio bat antolatuko da Gure Ardoak azokarekin batera, eta 2027ko udazkenean Montrealera zuzeneko misio bat egingo da, La Grande Dégustation ekitaldiaren esparruan.
Era berean, Japonian eta Hego Korean sustapen-ekintzak bultzatzen jarraituko dugu, besteak beste, Txakolina, Euskal Sagardoa, Euskadiko Kantauriko Antxoa eta Euskadiko Hegaluzea bezalako produktuentzat.
Hego Korea, estrategia berriaren adibide
Euskadik laster Seulgo SIWSE azokan izango duen parte-hartzea da Euskadiko elikagaien sustapen-politika bizitzen ari den bilakaeraren adibiderik argienetako bat.
Ekintzak elikadura-sektoreko hainbat azpisektoretako 19 enpresa ordezkari bilduko ditu, eta azokako presentzia agenda profesionalekin, inportatzaile, banatzaile eta horeca kanaleko eragileekin egingo diren bilerarekin eta epe luzeko merkataritza-harremanak sustatzera bideratutako jarduerekin uztartuko du.
Hego Korea kalitatezko produktu gastronomikoentzat potentzial handiena duten Asiako merkatuetako bat bihurtu da, eta kontinente osorako sarbide estrategikoa da.
2026ko balantze positiboa
Elikagaien Sustapen Planaren 2027aren aurkezpenak aukera ematen du, halaber, aurtengo ekitaldian garatutako ekintzen balantzea egiteko.
2026an zehar, Euskadik Barcelona Wine Week, Prowein Düsseldorf, Alimentaria Barcelona, Salón Gourmets, Seafood Barcelona eta Tuttofood Milan azoketan parte hartu du; eta datozen hilabeteetan SIWSE Seul, Conxemar Vigo eta SIAL Paris azoketan izango da.
Jarduera horiek guztiek euskal enpresen eta upategien 130 partaidetza baino gehiago batu dituzte, Euskadiko elikagaien ikusgarritasuna handituz eta merkataritza-harreman berrietarako sarbidea erraztuz.
Bestalde, Mexiko, Japonia eta Hego Korea bezalako merkatu estrategikoetan garatutako merkataritza-misioek 50 euskal enpresa eta nazioarteko profesional baino gehiago mobilizatu dituzte, negozio-aukerak sortzeko eta lehentasunezko merkatuetan sakontzeko tresna eraginkor gisa sendotuz.






